Irailaren 18an Ekainberrin Ice Age Europe Eguna ospatzen dugu eta horretarako Ekaingo kobazuloaren testuinguru naturala ezagutzen lagunduko digun bisita gidatu berezi bat prestatu dugu.
Zestoara gerturatu eta Sastarrain bailararen landarediaren edertasunaz gozatu ahal izango da bisita gidatu berezi batean. Gida baten laguntzaz, oinez murgilduko gara bailaran barrena eta bidean ikusi daitekeen landaredia ezagutuko dugu, duela 14.000 urte Ekaingo margoak margotu zituztenek ezagutu zuten landarediarekin alderatuz. Plan ezinhobea da gure ingurugiroak bizi izan dituen aldaketak ezagutu eta naturaz gozatu nahi duen edonorentzat, familian, taldetxoan zein banaka.
Sastarrain bailara babestutako gunea da eta oraindik Historiaurrean ere bertan bazen landaredia ere topatu dezakegu. Ekaingo kobazuloaren margoen garrantzia hobeto ulertzeko, beharrezkoa da Ekain Lurraldea ere ezagutzea. Nolakoa zen Ekaingo zaldi ospetsuak margotu zituzten pertsonak bizi ziren ingurunea? Nola aldatu da Ekain Lurraldea azken 14.000 urte hauetan?
Badakigu lehen espezieak sortu zirenetik landaretzaren ezaugarriak ere aldatuz joan direla, besteak beste klima aldaketen ondorioz. Paisaia eta espezieak etenik gabe aldatzen doazen arren, duela 14.000 urte Ekaingo zaldiak margotu zituzten biztanle haiek ezaguturiko bailaran presente zeuden espezieak topatu ditzakegu gaur egun ere. Horietako askok, gainera, haien bizimoduarekin lotura zuzena zuten.
Ice Age Europe sarea Izotz Aroarekin harremana duten Europako 13 ondare lekuk osatzen dute. Ekainberri hasieratik bertako kide da eta sareko kideek urtero jarduera bereziren bat antolatzen dute Ice Age Europe Eguna ospatzeko.
Bisita irailak 18 igandean izango da, 12:00etan bilduko gara Zestoako herrigunean kokaturiko Ekainberriko Publikoarentzat Arreta eta Salmenta Bulegoan eta gida baten laguntzaz Ekainberriraino gerturatuko gara ordu eta erdi inguru iraungo duen ibilaldi batean. Behin Ekainberriraino helduta, partehartzaileek beraien kabuz Ekaingo jatorrizko kobazuloraino hurbiltzeko aukera izango dute edo, aurretik sarrera hartuta badute, Ekainberri bisitatzeko ere bai.
Bisita gidatua doakoa izango da, euskaraz, aurretik Ekainberriko Publikoarentzat Arreta eta Sarrera Salmenta Bulegoan erreserba egin behar da, 943 868811 telefono zenbakira deituz edo info@ekainberri.com helbidera idatziz.
Naturaren eta historiaren bidaia honetan, duela 14.000 urteko Ekain Lurraldea eta gaur egungoa aurrez aurre jarriko ditugu. Ibilbidean topatuko dugun landaretzaren azterketa egingo dugu, eboluzioa eta egungo gizarteak inguruko bioaniztasunan duen eragina hobeto ulertzeko.
Bisita oinez egingo denez, oinetako erosoak eta eguraldiaren araberako arropa eramatea gomendatzen da. Ibilbidea erraza eta erosoa da, ia erabat laua.
– Eguna: irailak 18 igandea
– Hasiera: 12:00tan bisita gidatua, euskaraz.
– Elkargunea: Zestoan. Ekainberriko publikoarentzako arreta eta sarrera salmenta bulegoa (Portale kalea 1).
– Amaiera: Ekainberri (Zestoatik 20 minutura)
– Prezioa: Doan
– Iraupena: Ordu t’erdi
– Izen-ematea: erreserbapean 943 86 88 11 telefonoan edota info@ekainberri.com email helbidean.
– Oharrak: Bisita oinez egingo denez, oinetako erosoak eta eguraldiaren araberako arropa eramatea gomendatzen da.