Haitzuloa Espagnac-Sainte-Eulalie komunan dago, Lot departamenduan, Okzitania eskualdean, Célé ibaia Lot ibaiarekin lotzen den puntutik 30 kilometro ingurura. Jabe partikular batena da eta ezin da bisitatu.

Ur irteera ia fosil batek eratu zuen kobazulo bat da, beheko galeria euri bereziki ugarien kasuan bakarrik betetzen da, gainekoa beti lehor mantenduz.

Grotte de Sainte-Eulalie -Espagnac kokaturik dagoen ingurua, Lot departamenduko Espagnac-Sainte-Eulalie komunan

Bertako lehen ikerketak 1897an egin ziren, irudi grabatuak 1935ko irailean aurkitu zituen Lemozi abadeak, badira baxuerliebe bat eta margo gutxi batzuk ere. 1935an induskatu zuten, Madeleine aldiko aztarnak aurkituz.

1993ko ekainetik Monumentu Historikoen Zerrendan dago. Irudiak nahiko kontserbazio egoera txarrean daude, lerro oso finarekin grabatu ziren eta beraietako asko ezabatu egin dira, jatorrian askoz multzo zabalagoa izango zen.

Grotte de Sainte-Eulalie-Espagnac-eko elur-oreinen irudi grabatuen kalkoak

Kobazuloak bi galeria ditu, behekoa batzuetan urez betetzen da eta, Madeleine aldiko okupazioa duen arren, bertan ez da labar arterik aurkitu. Goiko galeria ibaiaren mailatik 12 metroko altueran dago eta beti lehor mantentzen da, Madeleine aldiko okupazio aztarnak eta labar artea gordetzen ditu. Erromatar garaiko eta Erdi Aroko aztarnak ere badira.

Hainbat paneletan antolatuta, animalia irudiak eta zeinuak daude, jarrera desberdinetan marrazturiko elur-oreinak, zaldiak, basahuntzak, oreinak, identifikatu gabeko animaliak, hartz bat eta basurde bat aurkitu dira, mota askotako hainbat zeinuz gain.

Kaltzitaz estalita egoteak beraien antzinakotasuna bermatzen duen arren, irudiak datatzea oso zaila da. Estiloa eta aurkitu diren aztarna arkeologikoak kontutan hartuz, Goi Solutre aldikoak edo Erdi Madeleine aldikoak izan daitezke, duela 20.000-16.0000 urte eginak.

Ekainberri

Leave a reply

X