Marcenac À Cabrerets haitzuloa Cabrerets komunatik 1,5 kilometro ingurutara dago, Sagne ibaiaren eskuineko aldean, Lot departamenduan, Okzitania Berriko eskualdean. Jabe partikular batena da eta publikoarentzat itxita dago, 1951tik Monumentu Historikoa da.
Haitzuloaren sarrera ibaiaren mailaren gainetik 100 metro inguruko altueran dago, 130 metro inguru neurtzen dituen tunel formako galeria sinple bat da, 5 eta 10 metro bitarteko altuera eta zabalera duena. Hainbat dibertikulu ditu, horietako bat, sarreratik 20 metro ingurutara, apaindua.
Kobazuloa 1850eko hamarkadan aurkitu zen, Murat kondearen aginduz, jatorrizko sarrera zabaldu egin zen jendearen sartu-irtena errazteko. Labar irudiak 1920 aurkitu zituzten Armand Virék eta Albe eta Lemozi abadeek.
Sarreratik 20 metro ingurura kokaturiko dibertikulu batean irudi grabatuak eta margotuak daude, kobazuloaren barruragoko beste puntu batean hainbat marra grabatu ere badaude.
Guztira 16 animalia irudi identifikatu dira, baita zehazten zailak diren hainbat zeinu ere. Bisonte beltz bat, bi koloretako bobido bat, zaldi beltz bat, basahuntz bat grabatu bat, 12 orein grabatu eta bobido bat izan daitekeen bururik gabeko animalia bat deskribatu dira, baita zeinu errektangular gorri bat ere.
Kobazuloko irudi ikusgarri eta esanguratsuena puntu beltz lodiak bata bestearen ondoan jarriz margoturiko bisonte bat da, adarren ikuspegia okertua da.
Margo batzuk kolore marroi iluna dute, manganeso dioxidoarekin eginak izan daitezkeela uste da, gorria okrearekin margotuta dago.
Irudiak handik oso gertu dagoen Pech-Merleko haitzuloko Friso Beltzekoen oso antzekoak dira, estiloagatik garai berdintsukoak direla pentsatzen da, duela 16.000 urte inguru eginak, Madeleine aldian.