Le Cantal haitzuloa Cabrerets komunan dago, Célé ibaiaren ezker aldean zabaltzen den izen bereko hondartzatik gertu, ibaiak bat-bateko bihurgune bat egiten duen lekuan eta mendiaren beheko partean harpe handi bat zulatu duen partean. Lot departamenduan dago, Okzitania Berria eskualdean.
Komunaren jabegokoa da eta publikoari itxita dago, 1993tik Monumentu Historikoa da.
Haitzuloa ibaiaren korronteak zulatu zuen, 166 metroko luzera duen galeria jarrai bat da, batez beste 3,5 metro inguruko zabalera eta 3 metroko altuera duena, horma oso buztintsuekin. Sarrera oso zabal bat du, 4,5 metro inguruko altueraduna,. Ibairen mailatik 10 metro inguruko altueran dago eta hazialdietan urpean gelditzen da, beste aldean 150 metro baino gehiagoko altuera duen horma bat altxatzen da.
Bere giza okupazioak oso estazionala izan behar zuen, ibaia hazten denean kobazuloaren parte bat urez betetzen delako, baina ez dago gizaki haien bizimoduaren berri ematen duen aztarnategi arkeologikorik.
Margoak 1920an topatu zituen Lemozi abadeak eta 1923an Henri Breuilek egiaztatu zituen. Sarreratik 90 metro ingurutara daude eta lurretik 3 metro inguruko altueran, margotzeko posizio zailean.
Lehen multzoan bobido gorri bat eta orein baten marrazkiak daude, puntu gorri serie luzeek inguratuta ageri dira. Handik 20 metro ingurutara, sabaian mantxa gorri handi bat ikusi daiteke.
Irudiak oso eskematikoak dira, bobidoa adarrengatik ezagutzen da, beraietako bat beltzez margotuta dago. Oreina ere adarrengatik identifikatu daiteke, hankak aurrera proiektatuta ditu. Ehunka zeinu ere aipatu behar dira, batez ere puntu serie gorriak eta atzamarrekin egindako markak, pektiforme deituriko zeinuak ere badira.
Animalia marrazkien estiloagatik, irudiak Madeleine aldiaren bukaerakoak izan daitezke, duela 12.000 urte inguru eginak.