Grotte Carriot à Bouziès: Madeleine aldiko labar artea Lot departamenduan

Grotte Carriot edo Grotte de Counduché izenekoa Bouziès komunan dago, Lot departamenduan, Okzitania Berriko eskualdean. Faux-monnayeus eta Christian haitzulo apainduetatik gertu aurkitzen da.

Jabego pribatukoa da eta publikoarentzat itxita dago. 1993ko ekainetik Monumentu Historikoa da.

Grotte à Carriot Bouziès haitzuloa aurkitzen den inguruaren irudia, Lot departamenduan

Haitzuloa Lot ibaiaren eta Caunduché komunarako errepidearen gainean altxatzen den labarrean kokatzen da, Lot eta Célé ibaien elkargunetik gertu.

Hiru altuera mailatan banatzen den labirinto konplexu bat da, 200 metro inguruko luzera du. Paleolitoan erabiliak izan zitezkeen bost sarrera ditu, horietako bat gaur egun itxita dago.

Labar irudiak Robert Carriotek topatu zituen 1969an, grabatuak eta margoak daude, guztira 148 errepresentazio zenbatu dira, zeinuak, giza irudiak eta animalia irudiak.

Grotte Carriot à Bouziès haitzuloko nimalia irudikatua, erdi orein-erdi gizona

1986an ikerketa arkeologiko sakonago bat burutu zen, arte eramangarri adibide batzuk topatuz, elur-oreinaren adierazpen batzuk eta obsidiana zatiak batez ere, baita hormaren pitzadura batean jarritako suharri zati bat ere, okrea prestatzeko erabili zena. Harkaitz bloke baten azpian giza garezur bat ere aurkitu zen.

Labar irudiak hainbat paneletan zehar banatzen dira, besteak beste 30 zeinu inguru eta 17 animalia irudi daude. Tamaina txikikoak dira, elur-orein bat, zaldiak, ahuntzak, oreinak eta bobidoak ikus daitezke, baita emakume irudi bat eta erdi gizonezko erdi orein den izaki irudikatu bat ere, zeinu eta trazu margotuekin harremanetan.

Bi kontserbazio egoera desberdin aurkitzen dira, margoak ur isurketaren eta hezetasunaren ondorioz oso kaltetuak aurkitzen dira, irudi grabatuak aldiz, baldintza onetan mantentzen dira.

Irudiak Erdi edo Goi Madeleine aldikoak direla pentsatzen da, duela 15.000-13.000 urte inguru eginak izan daitezke.

Ekainberri

Leave a reply

X