Grotte de Cormmarque Eyzies-de-Tayac-Sirueil komunan dago, Perigord Beltza izenez ezagutzen den lurraldean, Dordoina departamenduan, Akitania Berria eskualdean. Jabe pribatu batena da eta publikoarentzat itxita dago.
Izen bereko gaztelu bat duen tontor baten beheko partean dago, Grande Beune edo Beune du Nord ibaiaren ezkerreko aldean eta bere mailaren gainetik 95 metroko altueran.
Sarrera nagusia iparralderantz orientatuta dago, atalondo handi batek babestuta, bigarren mailako sarrera bat ere badu. Kobazuloa oso aldatuta dago uraren higaduraren eta tenperatura aldaketen ondorioz.
Goi Paleolitoko, Neolitoko, Brontze Aroko eta Erdi Aroko okupazio aztarnak aurkitu dira. Paleolitoari dagokionez, Madeleine aldiko aztarnak daude, garai oso hotz bateko udetan egiten zuten ehiza bertan.
Lehen irudiak 1915ean aurkitu ziren, 1977 eta 1981 artean, 1993an eta 2013an aurkikuntza gehiago burutu ziren.
34 unitate grafiko identifikatu dira, grabatuak, batez ere bi galeria sakonen arteko elkargunean eta ipar mendebaldeko galerian kokatuak. Bertan Dordoinako beste inon ezagutzen ez diren bi arte teknika ikusten dira: goi-erliebea eta baxu-erliebea.
Animalia irudien artean, bederatzi zaldi, denak osatu gabeak, zehaztu gabeko hiru animalia, bisonte bat izan daitekeena, bi basahuntz eta bobido bat daude. Hamaika giza irudi ere identifikatu dira, haurdun dagoen emakume bat hormaren forma aprobetxatuz egina, albotik ikusitako buru bat, animalia ezaugarriak dituen buru bat, hiru emakume profil eskematizatu eta bost bulba. Esanahi ezezaguna duten hainbat zeinu ere aurkitu dira.
Artelanak Behe Madeleine aldikoak direla uste da, duela 17.000-16.000 urte inguru eginak, kobazuloko fauna aztarnek eta tresneriak ere garai horretakoak dira.