La Grotte des Faux-Monnayeurs haitzuloa Bouziès komunan dago, Lot departamenduan, Okzitania Berria eskualdean. Lot ibaia Célé ibaiarekin batzen den gunetik gertu dago, inguru horretako haitzulo apainduen multzoko lekuetako bat da. Jabego pribatukoa da eta publikoarentzat itxita dago.
Bere izena barruan aurkitu ziren XVII. mendeko txanpon faltsutze lantegi baten aztarnei zor die, haitzuloan garai horretako hainbat graffiti daude.
Hiru mailatan banaturiko galeria multzo konplexua da, 150-200 metroko garapena duena, Paleolitoan erabiliak izan ahal ziren bost sarrera ditu, beraietako bat gaur egun itxia. Sarrera nagusia ekialderantz orientaturiko malda malkartsu batean du, hegoaldera orientaturiko beste aho ere badu, eremu maldatsu eta basotsu batean kokatua.
Irudiak 1969an topatu zituzten inguruko espeleologia talde bateko kideek, hainbat panel apaindu ditu, bi multzo nagusitan banatu daitezkeenak.
Ekialdeko sarreratik gertuen dauden paneletan hamar margo beltz eta grabatu ikus daitezke, zaldiak, basahuntzak, oreinak eta bobidoak, tamaina txikikoak. Hegoaldeko sarreratik gertuen dauden irudiak zeinu beltzak dira, puntuak, marrak, trazu zehaztugabeak eta zeinu konplexuak, ugarienak bigarren multzo honetakoak dira.
Marrazkiak oso egoera txarrean daude ur isurketaren, kaltzitaren ezkatatzearen, lixibiazioaren eta estalagmita deposituen ondorioz, alderdi batzuetan egoera besteetan baino hobea da.
Irudiak Madeleine aldikoak dira, duela 16.000-14.000 urte inguru eginak izan daitezke, inguru honetako beste haitzulo apaindu batzuetako datekin bat datorren kronologia litzateke.