Ekain kobazuloaren aurkikuntzaren ospakizunak Ekainberrin larunbat honetan

Bisita gidatu bereziak Ekainberrin eta Ekain muinora igoera egingo dute Zestoako gazteek

Ekainaren 8an Ekain kobaren aurkikuntzaren 55. urteurrena ospatuko da eta programa berezia aurkeztu du Ekainberrik. Bisita gidatu guztietan bisitariei aurkikuntzaren inguruko azalpenak eman eta aurkitutako margoen garrantzia azalduko zaie. Bisita bereziak ospatuko dira 12:00tan eta 16:00tan eta gainera, bigarrengo urtez jarraian, Ekain Muinora igoera egingo dute 15 urteko Zestoarrek urteurrena oroitzeko.

Bisita gidatu bereziak Ekainberrin

Ekainak 8 larunbata, Ekainberriko bisita guztietan duela 55 urte Ekain kobaren aurkikuntza nola gauzatu zen azalduko zaie bisitariei, ondorengo ikerketen inguruko datuak eman eta aurkitutako margoen garrantzia azalduko zaie. Aurkikuntzaren protagonista izan ziren Rafael Rezabal eta Andoni Albizurik bizi zuten momentu horren garrantzia azpimarratu eta gogora ekarri nahi da egun berezi honetan.

Hori bakarrik ez, bisitariak Ekain kobazuloan margoak aurkitu zituzten bi protagonisten paperean sartuko dira. Bisita bereziak izango dira 12:00tan euskaraz eta 16:00tan gazteleraz, izan ere, bisita egiteko erreplikako argiak itzali egingo ditugu eta bisitariek soinean eramango duten kasko eta argiaren laguntzaz ikusi beharko dituzte margoak.

Ekain Muinora igoera

Egun berean eta bigarrengo urtez jarraian, Ekain koba aurkitzen den Ekain Muinorako irteera ospatuko da Zestoako 15 urteko gazteentzako exklusiboki. Zestoako Agiro Mendi Kluba eta Ekainberriren lankidetzari esker, Ekain Muino mitikorako igoera korrika egingo dute beste behin. Belaunaldi berriek, Ekain kobak duen garrantzia ezagutzeko eta euskal kulturaren erakusgarri gorena barneratzeko antolatutako ekintza izango da. Gure Munduko Ondareaz gozatzeko irteera.

 

Aurkikuntza

Ekainaren 8a data berezia da Ekainberrirentzat, Antxieta elkarteko bi gaztek, Rafael Rezabal eta Andoni Albizuri, Ekain kobako margoak aurkitu zituztela 55. urte ospatzen direlako.

Azpeitiko Antxieta Kultur Elkarteak euskal kulturaren alderdi ezberdinak ikertzeko eta bizirik mantentzeko lana egin du azken hamarkadetan zehar, forma erabat desinteresatuan eta euren borondatez, ikasteko gogoak bultzatuta.

Elkarteko kideek beti erakutsi izan dute gure arbasoekiko eta hauek utzitako materialekiko interes berezia. Interes honi esker eta espeleologiari zioten zaletasunari batuta, historiaurrearen aztarna sektretuak bilatzen hasi ziren kobazuloetan, Aranzadi Zientzia Elkartearen babespean.

Ahalegin horretan, arkeologiara zaletu talde hark Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntza teknikoa eta babesa izan zituen. 1969 urtean, Antxieta Kultur Elkarteko zenbait kide Izarraitz mendizerran kokaturiko hainbat giza-okupazio gune aurkitu eta ikertzen ari ziren. Euren aisialdia arkeologiari eskaintzen zioten ikerlari boluntario haietako bi Andoni Albizuri eta Rafael Rezabal ziren. Udaberriko igande batean, Goltzibar errekaren arroari jarraituz Sastarrain bailarara iritsi ziren. Inguru hau Paleolito garaiko gizakien bizimodurako oso leku aproposa iruditu zitzaien, bi erreka elkartzen diren lekuan ur ugari eta belarjale talde handiek elikagaia lortzeko larre ugari daudelako bertan.

Handik gertu kokaturiko kobazuloren baten bila hasi ziren. Sastarrain baserriko etxeko andrea izan zen Rafael eta Andoniri han inguruko haitzulo baten berri eman ziena, ez zituen 13 metro baino gehiago neurtzen.

Ekainaren 8an kobazulo horretan giza aztarnen bila hasi ziren. Rafael zulo batetatik zetorren aire korronte hotz batetaz ohartu zen, bidea oztopatzen zuten harri bloke batzuk kendu eta 20 metro ingurutan pasabide batetan zehar arrastaka ibili ziren.

Zutik jartzean, zoruaren zaratek eremu zapalgabean zeudela adierazi zieten. Sarreratik 60 metro ingurutara, André Leroi-Gourhan etnologo, arkeologo eta historialari frantziarrak “zaldi multzorik bikainena Kuaternarioko arte guztian” bezala kalifikatu zuen Zaldien Panel Handiarekin egin zuten topo.

Berehala eman zieten aurkikuntzaren berri Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurre saileko kideei. On Jose Migel Barandiaran eta Jesus Altuna ikerlariak hurrengo egunean iritsi ziren Ekain 1 izenez deitutako kobazulora. Bertako labar irudiak ikusi eta aztertu ondoren, hauek duela 13.000-14.000 urte inguruko gizakiek eginak zirela ziurtatu zuten, Goi Paleolitoaren bukaera aldean, zehazkiago esateko, Goi Madeleine aldia deitutako aro kultural baten barruan.

Momentu horretan jarri zen martxan Ekaingo kobazuloa eta bere margoak babesteko ekimena. Agintari eta erakunde desberdinekin eztabaida ugari izan ondoren, Ekain 1969ko ekainean bertan itxi zen, modu horretan bertako irudiak eta aztarnategi arkeologikoa ikertzeko denbora lortu zen.

Ekain kobazuloa, ezinhobeto kontserbaturiko 70 animali-irudirekin; 64 margotuak eta 6 grabatuak; 2008ko uztailaren 7an UNESCOk ospatutako konferentzian, Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zuten, Erlaitz Kantabriarreko labar-artearen beste 17 santutegirekin batera; Altxerri eta Santimamiñe, besteak beste.

Labar artea duten Euskal Herriko kobazulo ugari aurkitu dira azken urteetan. 1969an Ekain kobazuloa aurkitu zenean, bost urte lehenago aurkitu zen Altxerriren berri besterik ez zegoen Gipuzkoan. Ordudanik aurrerapen tekniko handiak eman dira eta labar artea duten kobazuloen errealitate osatuago bat daukagu gaur egun. Labar artea duten 27 kokagune inguru ezagutzen dira Euskal Herrian, horietatik 9 Gipuzkoan: Zestoako Danbolinzulo, Erlaitz eta Astuigaña;  Praileaitz I (Deba), Arbil V edo Sustraixeako Koba (Deba), Astigarraga (Deba) eta Aizbitarte IV (Errenteria); lehen aipaturiko Ekain (Deba) eta Altxerri (Aia) kobazuloez gain. Honek, Euskal Herria eta Erlaitz Kantabriarra, munduko labar artearen kontzentrazio-gune garrantzitsuenetarikoen artean kokatzen du.

 

arazi

Leave a reply

X