Ekain, munduko ondare izendapenaren 16. urteurrena

16 urte bete dira Ekain koba, Gipuzkoan izendatu den Munduko Ondare bisitagarri bakarra, UNESCOk 2008ko uztailaren 7an ospatutako konferentzian, Ekain koba eta bere artea Munduko Ondare izendatu zituela, erlaitz Kantabriarreko labar-artearen beste 17 santutegirekin batera; Euskal Herriko Altxerri eta Santimamiñe, besteak beste. Eusko Jaurlaritzak liderturiko prozesua izan zen. Euskal kulturaren mundu mailako kultur adierazpen gorena izaten jarraitzen du Ekainek eta denontzat  bisitagarria eta irisgarria da, Ekainberriren bitartez, Gipuzkoan.

Ekain kobak zuen garrantziaz oharturik, Ekain Fundazioa sortu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritza eta Zestoako Udalak. Ekain Kobaren garrantzia gizarteratzea du helburu Ekain Fundazioak, eta Ekainberri, Ekain kobaren erreplika eraiki zuten, koba babestu eta bisitagarri egiteko.

“Emakume Arkeologoak Gipuzkoan” erakusketa

Ekaingo ondarea ondo kontserbatzerako orduan zeresan handia dauka Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta baita hura ondo gizarteratzeko orduan ere, Ekainberriren bitartez. Esaterako, ekainaren hasieran Ekainberrik Zestoako gazteei zuzenduta Ekain muinora igoera antolatu zuen, gazteek kobaren garrantzia ezagutzeko eta euskal kulturaren erakusgarri gorena barneratzeko.

Gainera, uztailaren 18an, Gipuzkoako Foru Aldundiak “Emakume Arkeologoak Gipuzkoan” erakusketa inauguratuko du Ekainberrin. Erakusketak lurraldeko ikerketa arkeologikoetan emakumeek duten garrantzia azpimarratzen du azalpen-paneletaz lagundurik. Erakargarri berezi gisa, emakumeek aurkitutako objektu arkeologiko ugari egongo dira ikusgai Ekainberrin.

Erakusketa udako hilabeteetan ikusgai egongo da, irailaren 30era bitartean.

Ekain kobaren aurkikuntza

Dagoeneko 55 urte igaro dira 1969an Ekain koba aurkitu zutenetik Zestoako herrigunetik kilometro batera, Debako lurretan, Antxieta taldeko Rafael Rezabal eta Andoni Albizurik. Duela 14.000 urte margotutako margoak ziren eta mundua liluratu zuten eta berdin liluratzen jarraitzen dute gaur egun ere, batez ere zaldiak, baita hartz eta oreinak ere erakusten dituzte Ekaingo kobako hormek, beste zenbait animalien artean. Guztira 70 animali-irudi daude, kontserbazio egoera ezin hobean, horietatik 64 margotuak eta beste 6 grabatuak. 54 urte hauetan aipagarriak dira Aranzadi Zientziak Elkarteak eginiko ikerketa lanak, zabalkunderako ezin besteko ikerketak, zehaztasun zientifiko handiz eginak, On Jose Migel Barandiaran eta Jesus Altuna ikerlariak nabarmenduz beste hainbaten artean.

Ekaingo zaldi-multzoa arte franko-kantabriarraren irudirik eder eta aberatsenetakoa kontsideratzen da, horma-mihise hoberena. André Leroi-Gourhan etnologo, arkeologo eta historialari frantziar ospetsuak honela deskribatu zuen: “zaldi multzorik bikainena Kuaternarioko arte guztian”.

arazi

Leave a reply

X