Ekainberrik “Bajo Tierra” mintegian parte hartuko du

Ekainberriren eredua aurkeztuko da, Ekaingo labar artearen kudeaketa eta kontserbazio modu arrakastatsua azaltzeko.

Datorren apirilaren 3 eta 4an Tomelloson (Ciudad Real) ospatuko da Castilla-La Manchako Unibertsitateak eta Tomellosoko udalak antolatzen duten “Bajo Tierra” nazioarteko mintegia eta Ekainberri bertan izango da. Mintegiak bere bigarren edizioa du honakoa eta induskatutako ondarearen balioari erreparatzen dio, tradizioa, berrikuntza eta ezagutzaren transmisioa aztertuz.

Bertan izango dira unibertsitate eta erakunde ezberdinetako adituak, arkeologiaren eta lurpeko ondarearen kudeaketaren esparruan tradizioaren, berrikuntzaren eta ezagutzaren transmisioaren arteko harremana jorratzeko. Ekainberriko kudeatzaile Juanjo Aramburu bertan izango da apirilaren 3ko programazioaren barruan, UNESCOk 2008an Munduko Ondare izendatu zuen Ekain kobaren labar artearen kudeaketa eta kontserbazio modua azalduz, eta horretarako Ekainberri museo eta erreplikak gure gizartean betetzen duen paper garrantzitsua balioan jarriz.

 

Ekainberri Ekain Fundazioarena da, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Zestoako Udala patrono dituena, eta 2008an inauguratu zen. Ekainberrik museo eta Ekain kobaren erreplika modura funtzio bikoitza dauka, alde batetik Ekaingo labar artea egoki kontserba dadik ahalbidetzen duelako eta, bestetik, Ekaingo margoen garrantziaren eta esanahiaren dibulgazioan paper garrantzitsua betetzen duelako gure gizartean.

Sarean ere lan garrantzitsua egiten du Ekainberrik beste hainbat koba, elkarte eta erakunderekin batera, esaterako, Euskal Kostaldeko Museoen Sarea, Lurpea, PRAT/CARP eta Familia Turismo eta Turismo Zientifikoaren zigiluak ere baditu. Sarean egiten den lan honen barruan kokatzen da Ekainberriren presentzia “Bajo Tierra” mintegian.

arazi

Leave a reply

X