Bisita bereziak antolatu dira 12:00tan eta 16:00tan eta egun osoan zehar erreserbatu ahalko dira bisita eta tailerrak.
Igande honetan, ekainaren 8an, 56 urte beteko dira Andoni Albizuri eta Rafael Rezabalek Ekaingo margoak aurkitu zituztela. Ekainberrik egun hori gogora ekarri nahi du eta programa berezia aurkeztu du igande honetarako. Bisita gidatu guztietan bisitariei aurkikuntzaren inguruko azalpenak eman eta aurkitutako margoen garrantzia azalduko zaie. Gaineran, bisita bereziak ospatuko dira 12:00tan eta 16:00tan.
Bisita gidatu bereziak Ekainberrin
Ekainaren 8an, igandez, Ekainberrira hurbiltzen diren bisitariek duela 56 urte Ekain kobaren aurkikuntza nola gertatu zen ezagutuko dute goizetik arratsaldera arte antolatu diren bisita guztietan. Aurkikuntzaren ondoren egin ziren ikerketen inguruko informazioa emango zaie, eta bertan topatutako horma-irudien balioa azalduko zaie. Egun berezi honetan, Rafael Rezabal eta Andoni Albizuri aurkikuntzaren protagonistak izan ziren une historiko hura gogora ekarri eta haren garrantzia nabarmendu nahi da.
Horrez gain, bisitariek beraiek ere protagonisten larruan jarriko dira, Ekain kobazuloan margolanak aurkitu zituzten unea biziz. Bisita berezi horiek 12:00etan euskaraz eta 16:00etan gazteleraz izango dira. Bisitan zehar, erreplikako argiak itzaliko dira, eta bisitariek kasko eta argi propioarekin ikusiko dituzte hormetako margolanak.
Aurkikuntza
Labar artea duten Euskal Herriko kobazulo ugari aurkitu dira azken urteetan. 1969an Ekain kobazuloa aurkitu zenean, bost urte lehenago aurkitu zen Altxerriren berri besterik ez zegoen Gipuzkoan. Ordudanik aurrerapen tekniko handiak eman dira eta labar artea duten kobazuloen errealitate osatuago bat daukagu gaur egun. Labar artea duten 27 kokagune inguru ezagutzen dira Euskal Herrian, horietatik 9 Gipuzkoan: Zestoako Danbolinzulo, Erlaitz eta Astuigaña; Praileaitz I (Deba), Arbil V edo Sustraixeako Koba (Deba), Astigarraga (Deba) eta Aizbitarte IV (Errenteria); lehen aipaturiko Ekain (Deba) eta Altxerri (Aia) kobazuloez gain. Honek, Euskal Herria eta Erlaitz Kantabriarra, munduko labar artearen kontzentrazio-gune garrantzitsuenetarikoen artean kokatzen du.
Erlazionatutako bideoak:
- 2025eko ekainaren 8ko promozio bideoa:
- Aurkikuntzaren testigantza: 8 de Junio, 1969: Ekaingo kobaren aurkikuntza