Gertakari historiko ugariren lekukotasuna gordetzen dute Zestoako lurrek, Urola ibaiaren erdialdea aspaldidanik erakargarri izan baita hainbat giza espezierentzat.
Zestoan dagoen Historiaurreko ondare-guneen kontzentrazioa apartekoa da mundu mailan; hainbesteko ondare kopurua izateak herri bakar batean, Zestoa leku berezi bihurtzen du Historiaurrearen ikerketarako eta ezagutzarako.
“Zestoako Ondare Arkeologikoa eta Paleontologikoa. Urolako ondarea gertutik gertura” erakusketak 1935etik gaurdaino egin diren ikerketen emaitzak erakusten ditu: 21 aztarna-gune, 21 ikerlari eta 32 ondare pieza. Gainera, Zestoako Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak parte hartzen dute erakusketa honetan.
Ia mende bateko ikerketa
Aztarna-guneen ikerketari garrantzia ematen zaio erakusketan. Gune bakoitzaren ikerkuntzaren inguruko informazioa biltzen da eta lan hauetan aritu ziren gizon eta emakume ikerlarien lana goraipatzen da. Ikerlarien artean daude, besteak beste: Jose Miguel Barandiaran, Jesus Altuna, Juan Maria Apellaniz, Antxieta Jakintza Taldea, Mertxe Urteaga, Alvaro Arrizabalaga, Maria José Iriarte, Blanca Ochoa, Asier Gómez… Ikerlari hauek guztiak dira gaur egun ezagutzen dugun Zestoako Historiaurreko ondare paregabea mundu mailara zabaltzea ahalbidetu dutenak, aurkikuntza bakoitza historian dagokion lekuan kokatuz.
Erakusketan agertzen dira, besteak beste, Amalda, Baio, Danbolinzulo, Amabiturrieta, Irikaitz, Erlaitz, Astui-Gaina, Erraila…
Erakusketa irekia
- Datak: 2025eko uztailaren 10etik iralaren 28a arte.
- Sarrerak: Ekainberriko sarreraren barne eta ostiralero doan 17:00-19:00 bitartean erreserbapean.
- Bisita gidatuak: 17:15 gazteleraz / 17:45 euskaraz.
Bideo honetan xehetasun handiagoz ikus dezakezu zer aurkituko duzun erakusketan.





