Ekainberrik 17. urteurrena ospatzen du

2008ko irailaren 11n zabaldu zen eta irekieratik 498.000 erabiltzaile izan ditu

Irailaren 11n Ekainberrik 17. urte betetzen ditu zabalik. 498.000 erabiltzaile izan ditu 2008ko irailaren 11n Ekaingo kobaren erreplikak ateak ireki zituenetik eta eskura izan dituzten esperientziak hainbat izan dira: bisita gidatuak, arkeologia esperimentaleko tailerrak edo bisita antzeztuak Lili jauregian.

Bisitarientzako derrigorrezko helmuga bilakatu da Ekainberri urte osoan zehar, banakako, familia eta ikastetxeentzako. Bisitarien datuak gainera baikorrak dira, horrela erakusten dute azken 12 hilabeteek: 2024ko irailetik 2025ko abuztura Ekainberrik 28.469 bisitari jaso ditu, aurreko epealdi berdinean baino % 5 gehiago.

2025ko uztaila eta abuztuan, 439 bisitarik parte hartu ahal izan dute Lilitarren Ohorea bisita antzeztuan Lili Jauregian, aurreko urtean baino % 13 gehiagok, eta 3.800k Ekainberrira egindako bisitetan, 2024ko zenbakien ia berdinak.

“Historiaurreko Esperientzia Konpletoa”: Ekainberriko arrakasta

Ekainberrik historiaurrea bere osotasunean bizitzeko aukera eskaintzen die Zestoara hurbiltzen diren pertsonei, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zituen pinturak ezagutuz. Historiaurreko Esperientzia konpletoaren bitartez, bisitariek duela 14.000 urteko gizakiek nola margotzen zuten ikasten dute, sua nola lortzen zuten eta nola ehizatzen zuten.

Bisitariek tailerrean ikasitakoa praktikara eramateko aukera dute: beren labar artea sortzeko pinturak dituen gunea, Historiaurreko teknikekin sua egiteko txokoa eta ehizarako dituzten trebetasunak probatzeko azagaiekin eta bultzatzaileekin egindako ehiza-ibilbidea. Historiaurreko bizimoduaren alderdi ezezagunak ezagutzeko aukera dute, izan ere, artelanak sortzeaz gain, gizaki horiek biziraupena ziurtatzeko txabolak eraiki, ehizatu eta jan egin behar zuten. Ekainberrik aukera ematen du bisitariak horretarako gai diren ala ez probatzeko.

Ekainberrin jarduerak ez du etenik, eta, urte osoan zehar, edozein jardunaldiz, asteartetik igandera, historiaurreko jardunaldi paregabeaz gozatzeko aukera eskaintzen du. Leihatilan (Portale kalea 1, Zestoa – Tel: 943868811) edo internetez (www.ekainberri.eus) eros daitezke sarrerak.

“Zestoako Ondare Arkeologikoa eta Paleontologikoa. Urolako Ondarea Gertutik Gertura” aldi baterako erakusketa ikusgai.

Ekain Fundazioak eta Ekainberrik antolatutako erakusketa irailaren 28ra bitartean egongo da ikusgai Ekainberriko liburutegian, Ekainberriko sarrera erosi dutenentzat. Gainera, publiko orokorrarentzat doan eta erreserbapean ikusgai egongo da ostiralero epealdi honetan, 17:00-19:00 ordutegian. Bisita gidatu labur bat eskainiko da ostiraletan 17:15tan gazteleraz eta 17:45tan euskaraz bertan dauden bisitarientzat. Erreserbak www.ekainberri.eus webgunean.

arazi

Leave a reply

X