Irailaren 28a izango da azken eguna “Zestoako Ondare Arkeologikoa eta Paleontologikoa. Urolako Ondarea Gertutik Gertura” erakusketa bisitatzeko, Ekainberriko liburutegian. 1935etik gaurdaino egin diren eta 21 ikerlarik parte hartu duten ikerketen emaitzak erakusten ditu, eskualdeko 21 aztarna-guneetan zehar eta gainera, bertan aurkitutako 32 ondare pieza original daude ikusgai.
Ondare arkeologiko eta paleontologikoaren lekuko diren aztarna-gune ugari aurkitzen dira Urola bailara osoan eta batez ere Zestoan. Kokaleku hau berezi egiten du ezaugarri honek mundu mailan eta hori frogatzen du Ekainberrin amaitzear dagoen aldi—baterako erakusketa honek.
Erakusketa Ekainberriko bisitarientzako ikusgai egon da uztailaren 10etik aurrera, eta baita publiko orokorrarentzako ere, ostiraletan antolatu diren pase berezietan. Harrera ona izan du erakusketak eta baita ostiraletan ospatu diren bisita gidatuek ere. Zestoako publikoak ere ez du galdu erakusketa bisitatzeko eta herriko ondare aberatsaren garrantzia bertatik-bertara ezagutzeko aukera; bertatik pasa dira, esaterako, Kirol Udalekuetako haurrak eta Zestoako eskolako ikasleak.
Erakusketan ikusgai egon da ere, espreski sortu den eta erakusketako edukiak laburbiltzen dituen bideo bat. Ekainberriko gida-hezitzaile den Mikel Nogales historialari zestoarrak ematen ditu azalpenak eta berak gidatzen du ikuslea Urolako ondare arkeologiko aberatsa, aztarna-tokiak, piezak eta ikerlariak ezagutzeko bidaian.
Erakusketa igande honetan amaituko da, irailak 28. Oraindik erakusketa ikusi ez duenak badauka aukerarik Ekainberriko sarrera erosita edo asteburuari begira indartu diren publiko orokorrarentzako doako ordutegian; ostiralean ez ezik, larunbat eta iganderako ere pase bereziak antolatu baitira.
Publiko orokorrarentzako astebururako doako ordutegi bereziak:
- Irailak 26 ostirala, 27 larunbata eta 28 igandea.
- 16:00-18:00 bitartean
- Bisita gidatua 16:30tan gazteleraz eta 17:00tan euskaraz.
Beti bezala erreserba egitea beharrezkoa da, www.ekainberri.eus webgunean egin daiteke edo Zestoako turismo bulegoan.






