Paul Bahn arkeologoa Ekainberrin

Paul Bahn arkeologo britaniarraren bisita jaso dugu Ekainberrin. Berarekin izan dugun elkarrizketa elkarbanatzen dugu gure blogean.

 

Ekainberrira egiten duzun bisita urteroko tradizio bihurtu da. Zein ibilbide edo bidaiaren parte da Ekainberriko geldialdi hau?

Bi erakunde desberdinentzat (Erresuma Batuko Andante Travels eta Ameriketako Estatu Batuetako Archaeological Institute of America) labar-arteari buruzko bidaia gidatzen dut; bidaia hori Espainiako iparraldean hasten da eta Frantziako Pirinioetan barrena jarraitzen du. Ekainberriko faksimilearen eta museoaren bisita ibilbide horien osagai garrantzitsua da.

2003an Erresuma Batuko Izotz Aroko lehen labar-artea aurkitu zenuen Creswell Cragsen, eta mundu osoan ospetsuak diren beste hainbat labar-arte gune ere ezagutzen dituzu. Zer baloratzen duzu gehien Ekainez, eta zergatik egin geldialdia bertan ere?

Ekain ez da soilik kalitate handiko faksimile bikaina; gainera, hasieratik talde bakar bati sartzen uzteko sistema baliotsua mantendu du. Kontraste handia dago beste haitzulo-faksimile batzuekin alderatuta, non bisitari kopuru handiak askotan esperientzia eta giroa nabarmen hondatzen baititu. Eta, ikuspegi pertsonaletik, beti gogorarazten dizkit jatorrizko haitzulora Jesus Altuna lagunarekin egin nituen bisitak.

Zure azken liburua, “Everyday Life in the Ice Age: A New Study of Our Ancestors”, 2022an argitaratu zen Elle Cliffordekin batera. Une honetan ikerketa edo proiektu berriren batean murgilduta al zaude?

Asko dira. Liburu horren bertsio laburrago bat argitaratu dugu gazteentzat ingelesez (“Living in the Ice Age”), frantsesez (“Vivre à l’Age de Glace”) eta gaztelaniaz (“Vivir en la Edad de Hielo”); eta Izotz Aroko arteari buruzko beste berri bat ere bai (“Making Art in the Ice Age”), frantsesezko (“Les Artistes de l’Age de Glace”) eta gaztelaniazko (“Hacer Arte en la Edad de Hielo”) bertsioekin. Datorren urtean, gure argitaletxeak, Archaeopressek, “Everyday Life in the Ice Age” eguneratzeko eskatu digu, eta hori egiteaz gain, frantsesezko eta gaztelaniazko bertsioak ere prestatuko ditugu.

Gaur egun, antzeko formatu txikiagoko beste liburu berri bat amaitzen ari gara, Izotz Aroko ehorzketei buruzkoa. Eta nire aurtengo proiektu nagusia nire libururik gustukoenaren edizio berria izango da: “Images of the Ice Age”, Oxford University Pressek 2016an argitaratua. Lan handia izango da, azken hamar urteotan argitaratutako 400 liburu eta artikulu aipatu eta aztertu beharko baitira!

arazi

Leave a reply

X