Uztailaren 22tik eta abenduaren amaierara arte ikusgai dago “Torreko Hodia. 12.000 urteko galdera” erakusketa, Ekainberriko Euskal Herriko labar artearen erakusketa gelako liburutegi eremuan. Torreko hodiaren aurkikuntzaren 60. urteurrena dela eta, erakusketak Goi Paleolitoko arte higigarriaren pieza esanguratsuenetako bat gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen du.
Torreko Hodia
Duela 60 urte Oiartzungo Torre haitzuloan aurkitutako Torreko hodia Paleolitoko arte higigarriaren adibide berezia da. Zanga baten (Morus bassanus) hezurrez egindako hodi natural bat da, duela 12.000 urte inguru grabatutako animalia irudiak, giza irudikapen bat eta hainbat zeinu dituen pieza aparta. Bere apainduraren aberastasunagatik eta kontserbazio egoeragatik, Madeleine aldiaren bukaerako adierazpen artistiko garrantzitsuenetako bat da.
Aldi baterako erakusketa honen bidez, Ekainberrik pieza berezi honen historia, ezaugarriak eta ikerketa zientifikoak publiko orokorrari modu ulergarri eta erakargarrian hurbiltzen dizkio. Erakusketak Torreko hodia zer den, zer irudi dituen, nola grabatu zuten eta zertarako erabili izan zitekeen azaltzen du, gaur egun oraindik ere adituen artean eztabaidagai diren interpretazio nagusiak aurkeztuz.
Galdera hau ikusleei ere planteatzen zaie eta erakusketa publikoaren erantzunak jasotzen joango da. Erakusketak Torreko hodiaren ikerketa-ibilbidea ere azaltzen du eta Europako beste aztarnategi batzuetan aurkitutako antzeko hezur-hodiekin alderatzen da, Torreko hodia testuinguru zabalago batean kokatzeko.
Inaugurazio ekitaldia uztailaren 22an
Pasa den uztailaren 22an Ekainberriko ordezkariek ongi etorria eman zieten bertaratutako guztiei eta bertan zeudenak aurkeztu zituzten. Goizane Álvarez izan zen, Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura diputatua, erakusketa ofizialki inauguratu zuena.
Ekitaldian izan ziren ere Mikel Arregi, Zestoako alkatea; Sonia San José, Gordailuko arkeologoa eta erakusketaren edukien arduraduna, Asier Erostarbe-Tome, Torreko Hodia ikertu duen arkeologoa eta Begiris Elkarteko ordezkaritza bat.

Erakusketa irisgarria, Begirisen laguntzaz
Ekainberri hasiera-hasieratik museo guztiz irisgarria da mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat. Oraingoan, esfortzu berezia egin du erakusketa hau ikusmen urritasuna duten pertsonentzat ere irisgarria izan dadin. Horretarako, Ekainberrik Begiris elkartearen, Gipuzkoako itsu edo ikusmen urritasuna duten pertsonen inklusioa sustatzeko elkartearen, aholkularitza espezializatua jaso du.
Irisgarritasunari begira eta lankidetza honen barruan, erakusketarako berariaz sortutako piezak hainbat dira: Torreko hodiaren erreplika tamainu errealean, grabatuak hobeto atzemateko plaka bat eta baita, erliebe altuan egindako Torreko Hodiaren erreplika handitu bat ere, zeinak aukera emango dien bisitariei jatorrizko piezan ia hautemanezinak diren grabatuak xehetasunez atzemateko. Gainera, Ekainberri Asier Erostarbe-Tome ikerlariarekin Gordailuan izan zen, Torreko hodiari buruz egin den azken ikerketa egin duen arkeologoarekin eta, elkarrizketa horren harira, erakusketan ikusgai egongo den bideo bat osatu da.
Baliabide horiek erakusketaren irisgarritasuna hobetzen dute eta duela milaka urte egindako irudien kalitatea eta konplexutasuna hobeto ulertzen laguntzen du.
Publiko orokorrarentzako zabalik dagoen erakusketa
“Torreko Hodia. 12.000 urteko galdera” erakusketa uztailaren 22tik abenduaren amaierara arte izango da ikusgai Ekainberrin, ohiko bisita-ordutegian, eta Ekainberriko sarrera arruntaren barruan bisitatu ahal izango da. Gainera, publiko orokorrarentzako erakusketako sarrera doakoa izango da ostiraletan, 17:00 eta 19:00 ordutegian, erreserbapean. Ostiralero doako bisita gidatu labur bat eskainiko da 17:15tan gazteleraz eta 17:45tan euskaraz bertan dauden bisitarientzat. Erreserbak www.ekainberri.eus webgunean.
Irailaren 4tik aurrera erakusketa doan bisitatu nahi izanez gero, egin ordutegiari buruzko kontsulta email helbide berean edo 943 86 88 11 telefonoan.
Ekainberri urte osoan zehar zabalik
Ekainberriko bisita urte osoan zehar egin daiteke, eta asteburuan bikotean, familian edo taldean gozatzeko plan aparta da. Ekainberriko bisita guztiak gidatuak dira; horregatik, sarrerak aldez aurretik eta online erostea gomendatzen da.
Informazio gehiagorako eta zalantzak argitzeko:
- Ekainberriko Sarrera Salmenta Bulegoa:
- Portale kalea 1, 20740 Zestoa (Gipuzkoa)
- 943 86 88 11
- info@ekainberri.com
- www.ekainberri.eus





