2008ko irailaren 11tik 526.000 erabiltzaile izan ditu eta 2026an talde txikientzako esperientzia esklusibo berria jarri du martxan.

Irailaren 11n 18 urte bete ditu Ekainberrik. 2008an ateak ireki zituenetik, 526.000 erabiltzaile baino gehiago igaro dira bertatik, eta urte hauetan zehar bisitariei historiaurrea ezagutzeko eta bizitzeko hainbat proposamen eskaini dizkie: bisita gidatuak, arkeologia esperimentaleko tailerrak eta Lili jauregiko bisita antzeztuak, besteak beste.
Urte hauetan, Ekainberrik bere eskaintza zabaldu eta esperientzia berriak txertatu ditu, historiaurrea ikusiz ez ezik, esperimentatuz eta parte hartuz ezagutzeko. 2026an, gainera, talde itxientzako esperientzia esklusiboa jarri da martxan, eta harrera ona izan du.
Ekainberri urte osoan zehar bisitatu daiteke, banaka, familian zein taldean, eta erabiltzaileen datuek azken urteetako joera positiboari eusten diote. 2026ko datuek urte amaieran aurreko urtekoa baino erabiltzaile kopuru handiagoa izatea aurreikusten dute.
Uda honetan, Lili jauregia eta Ekainberri, harrera onarekin
2026ko uztaila eta abuztuan, 475 lagunek parte hartu dute Lili jauregiko “Lilitarren Ohorea” bisita antzeztuan. Kopuru horrek aurreko urteko aldi berarekin alderatuta %8,20ko igoera adierazten du. Ekainberrin, berriz, 3.800 erabiltzaile inguruk bisitatu dute zentroa bi hilabete horietan, azken bi urteetako kopuruen pareko datua.
Historiaurrea esperimentatzeko aukera: “Historiaurreko Esperientzia Konpletoa”
Ekainberrira hurbiltzen direnek duela 14.000 urteko historiaurreko bizimodura gerturatzeko aukera dute, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako Ekaingo labar-pinturak ezagutzeko.
“Historiaurreko Esperientzia Konpletoa” da proposamen osatuena. Bisitariek historiaurreko gizakiek nola margotzen zuten, sua nola lortzen zuten eta ehizarako zer teknika erabiltzen zituzten ezagutzen dute, eta ondoren, ikasitakoa praktikan jartzeko aukera dute.
Talde txikientzako esperientzia esklusiboa
2026ko berritasunetako bat esperientzia esklusiboak dira. Gehienez zortzi laguneko taldeek Ekainberriko esperientziak modu esklusiboan erreserbatu ditzakete, beste bisitariekin taldea partekatu beharrik gabe. Esperientzia pertsonalizatuagoa eta hurbilagoa bizitzeko aukera ematen du honek. Gainontzeko esperientziekin bezala, aukera hau euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez egin daiteke.
“Torreko Hodia. 12.000 urteko galdera” aldi baterako erakusketa ikusgai
Ekain Fundazioak eta Ekainberrik antolatutako erakusketa uztailaren 22tik dago ikusgai Ekainberriko liburutegian, Ekainberriko sarrera erosi dutenentzat, eta urte amaierara bitartean bisitatu ahal izango da. Gainera, publiko orokorrarentzat doan eta erreserbapean ikusgai egongo da ostiralero epealdi honetan, 16:00-18:00 ordutegian. Bisita gidatu labur bat eskainiko da ostiraletan 16:15tan gazteleraz eta 16:45tan euskaraz bertan dauden bisitarientzat. Erreserbak www.ekainberri.eus webgunean.
Ekainberrik, horrela, urte osoan zehar historiaurrearekin harreman zuzena izateko proposamenak eskaintzen jarraitzen du, Ekaingo labar-artea eta garai hartako bizimodua ezagutzeko aukera Zestoara hurbiltzen diren bisitarien eskura jarriz.





