Oreinak Ekainera itzuli dira

Ekaingo kobazuloaren eta Ekaingo gizakien egunerokoan hain garrantzitsuak ziren oreinak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute datozen hilabeteotan bisitariek. Abuztuan eta irailean orein emeak izango dira Ekainberriko zelaian bisitariei ongi etorria eginez.

Protagonista berri hauei ongi etorria emateko, uztailaren 24an Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendari Nagusi berria den María Jose Telleria Etxeberria andrea eta Zestoako alkate berria den Josetxo Mendizabal jauna Ekainberrin izan dira ingurua bisitatu eta erreplikaren orain arteko ibilbidea eta etorkizunari buruz hitz egiteko, Ekainberriko zuzendaria den Juanjo Aramburu Lasa jaunarekin batera. Bi agintari berri hauek Ekain Fundazioko kide berriak izango dira legegintzaldi honetan.

Orein eme hauek Ekainberrin izateak Historiaurrera gehiago gerturatzeko aukera ematen digu, Ekaingo gizakiekin batera bizi baiziren Madeleine Aroan kobazuloaren inguruko zelaietan. Kantauriar Kostaldeko Madeleine Aroan, bizi iraupenerako animali jatorriko pieza nagusiak izan ziren. Oreinak

Honen adibide nagusiena Ekaingo kobazuloko erregistro arkeologikoan dugu, ehizatutako pieza ia guztiak emeak eta hauen orein kumeak dira. Oreinek udaberrian erditzen dutela jakinik, honek esan nahi du, Ekaingo biztanleak udaberri-udara partean bakarrik izaten zirela kobazuloan, udazkenaren hasierarekin neguko gordelekuetara bueltatzen zirelarik. Naturaren zikloari jarraituz, gizakiak desagertzean, oreinak orroan (berrean) sartzen ziren, hurrengo urteko Sastarrain bailarako orein belaunaldi berriaren lehen haziak ereinez.

Oreina elikagai nagusi izateaz gain, Ekaingo gizakiarentzat biziraupenerako ezinbesteko baliabidea zen. Oreinen larru eta ilea oso ongi lantzen diren elementuak dira. Horregatik lehen gizakiek behin eta berriz erabili zituzten. Haragia eta hezurra berezi ondoren, suharrizko marruskagailuekin azala leuntzen zuten. Ondoren bastidore batean lotu eta lehortzen uzten zen leku haizetsu batean. Larru eta azal hauek erabilera ezberdinetarako erabili zituzten: mota guztietako jantziak egiteko, beroki sendoak hotzari aurre egiteko, tipi formako dendak estaltzeko, garraiatzeko eta gordetzeko zakuak egiteko, arkuak, bultzagailuen heldulekuak estaltzeko.

Orein hezurrak eta adarrak oso erabiliak izan dira Goi Paleolitoan. Azagaien puntak (oso esanguratsuak), aginte makilak, hagaxkak, kolpekariak suharria lantzeko, arpoiak, puntzoiak, jostorratzak, zintzilikariak, apaingarriak… Ekaingo kobazuloan ere 2 azagaia punta eta 3 puntzoi agertu dira orein adarrez eginda.

Oreinetik dena ustiatzen zela ikusteko azkeneko bi adibideak. Lokailuekin arkuak egiteko sokak, jantziak josteko haria, lantzetan makila eta punta lotzeko elementua eta lokailuzko kola deitzen dena lortzen zen.

2015eko udako berrikuntza honek Ekaingo gizakien egunerokoa gertuagotik ezagutu, ikusi eta sentitzeko aukera bikaina eskaintzen du, izan ere, margoak ezagutu, sua egin, pintatu eta ehizatzeko saiakerekin batera, oreinak orain dela 14.000 urte bezala animali hauek bailaran ikusteko aukera egongo da.

Ekainberri eta bertan dagoen eskaintza guztiaz gozatzeko, aldez aurretik erreserba egitea gomendatzen da, bisita eta ekintza guztiak gida baten laguntzaz egiten baitira. Horretarako 943868811 telefonora deitu beharko da.

arazi

Leave a reply

X