Ekainberri: Sei urtez, arkeologia esperimentalaren bidetik, kobazuloetako mugak zabaltzen

Sei urteetan 200.000 bisitarirekin Gipuzkoako bosgarren museoa da

2008ko irailaren 11n inauguratu zen Ekainberri ofizialki. Sei urte hauetan, 200.000 bisitari jaso ditu museoak. Oro har, seme-alaba gazteak dituzten familiek eta eskolek osatu dute Ekainberriko bisitarien profila, nahiz eta esan beharra dagoen oso anitza dela. Museoan arlo askotan lizentziatutako langile gazte eskarmentudunak ari dira lanean. Guztien sormenarekin eta ekarpenekin atontzen dira Ekainberriko eskaintza eta bere produktuak, kontzeptu nagusi baten inguruan: arkeologia esperimentala.

Nolanahi ere, zentroaren kudeaketan zeresan handia dute ikastetxeek: 500 ikastetxe baino gehiago egon dira Ekainberriko jardueretan parte hartzen. Gutxi gorabehera, Ekainberriko bisita guztien herena esan nahi du horrek. Kontuan hartu behar da zentro gehienak behin baino gehiagotan joaten direla, eta askok dagoeneko beren urteroko ekintzen agendan daukatela Ekainberri.
Erreplikari esker, UNESCOk Gizateriaren Munduko Ondare izendatutako altxor hau, Euskal Herrian dugun bakarrenetakoa, gizarteratu da. Bisitariek Ekaingo zaldi-multzoa, hartzak eta oreinak ikusteko, eta Paleolitoko ondare artistiko hori ikusi, ezagutu eta sentitzeko aukera dute. Munduan hiru erreplika besterik ez daude eta Ekain horietako bat da. Horri esker, koba originala oso ondo kontserbatuta dago.
Bisitari kopuruari dagokionez, Gipuzkoako bosgarren museo-gunea da Ekainberri, eta urtero, bataz beste 34.000 bisita jasotzen ditu. Horrez gain, Euskal Herriko arkeologiaren alorreko eta historiaurreko ondare eta turismo baliabide garrantzitsuena dela esan daiteke.
Bisitariek balorazio altua ematen diote Ekainberriri. Sei urteotan, etengabe zabaltzen eta osatzen joan da jarduera-kopuruak eta haien aniztasuna. Dagoeneko, Ekainberriren eskaintza osoa eta integrala da, eta adin guztietako bisitarientzako eskaintza bereziak ditu, arkeologia esperimentalean oinarrituta: erakustaldiak, eskaintza didaktikoa, Ekainfest, Kobazuloen Eguna, udako auzolandegia, Ekain Abentura… Ekimen horiekin guztiekin Ekain esperientzia osatzen ari dira: bisita hutsetik haratago doan esperientzia.

Ekainberri, hezkuntza ziklo guztietarako prest

Ekainberrin hezkuntza ziklo bakoitzerako eskaintza didaktikoa aurkitu daiteke, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxiler eta Goi Zikloetaraino. Historiaurrean murgilduta goiz edo arratsalde osoa pasatzeko aukera bikaina eskaintzen du.
Haur Hezkuntzako ikasleek gauzak eskuekin “ikusten” dituztenez, ordubetean zehar gauzak libreki ukitu eta eskuak zikintzeko aukera dute. LH 1 eta 2ko ikasleek animaliei jarraika pasatzen dute denbora, labar margoen bidez lehen gizakien garaiko animaliak ezagutu eta euren eskuekin hormak apaintzeko denbora hartzen dute. Sua ezinbestekoa zen historiaurreko gizakien bizimodurako, baina bera lortzea ez da ematen duen bezain erraza, horretaz konturatzen dira LH 3 eta 4ko ikasleak sua egiten ahalegindu ondoren.
“Goazen ehizara!” esan zuten lehen gizakiek, eta LH 5 eta 6ko ikasleek primeran pasatzen dute azagaiak eta arkuak hartuta ehizan, denen artean animalia bat harrapatzea da helburua. DBH 1 eta 2ra iritsita, animalia bakarra ez da nahikoa, eta ehiza egun bat burutzen dute, Ekainberri inguruko basoan murgiltzen dira ikasleak janari bila.DBH 3 eta 4rako “Ekaingo Artista” eskaintza dute, arte teknika desberdinak ezagutzeko modu bikaina da, bai maila teorikoan, baita praktikoan ere. Batxiler eta Goi Zikloetako ikasleek arkeologoen lana egin behar izaten dute, margoak eta teknikak aztertuz eta ateratako ondorioak taldekideekin partekatuz, eta historiaurreko bizimoduan murgilduz.

Egun guztirako plana

Goiza edo arratsaldea egun guztira luzatzeko ekintza eta proposamen ugari daude Ekain kobazuloko bailaran

Ekainberrira hurbildu nahi duen talde bakoitzak bere behar propioak izaten ditu: kopuru aldetik, ordutegi aldetik, bisita edo tailerra curriculumeko atal jakin batetara egokitzea nahi izaten duelako… Bestalde, kokalekuak berak ere zenbait zalantza sortzen ditu, batez ere bertara oinez iritsi behar delako eta bazkaltzeko edo denbora librea pasatzeko estalperik ez dagoelako.
Erreserba egiteko orduan faktore guzti horiek kontutan hartzen dira. Zerbitzuak laburtu edo egokitu daitezke horrela eskatu ezkero, edo, nahi izan ezkero, berez zikloari ez dagozkion tailerrak egokitzen dira baita ere.
Aurtengo ikasturterako, Ekainberriko Informazio Bulegotik zerbitzu berri bat sortu da. Ikastetxe taldeei egun guztirako plana sortzeko aukera luzatuko zaie. Aterpea, bazkaltzeko lekua, ekintza osagarriak… taldeek dituzten beharrak asetzen saiatuko dira bertatik.
Aterpearen kontuari dagokionez, Zestoako Udaletxearekin lankidetzan, herriko polikiroldegian bazkaldu ahal izateko kudeaketa egin dezakete adibidez, eta baita inguruko beste aterpeko leku batzuei buruzko informazioa eman ere.
Helburua bisitan datorren taldeak kezka bakarra izatea da: Ekainberriko jardueraz gozatzea!

Ekain zure gelan eta edonon

Ekainberrik historiaurrea ikastetxeetara eta edozein lekura eramateko aukera zabaldu du 2014-2015 ikasturtean

Askotan ikasleek ez dute Ekainberrira hurbiltzeko aukerarik, distantzia eta garraioa arazo izan daitezke eta. Horrentzat ere badute konponbidea Ekainberrin. Ikaslea ez bada Ekainberrira etortzen, Ekainberri hurbilduko da ikaslearengana.
Ikastetxeak horrela eskatuz gero, Ekainberriko gida bat ikastetxera hurbilduko da eta gela kobazulo bihurtuko du. Bertan Ekainberrin egin daitezkeen ariketak lantzeko aukera egongo da, eta horrela, ondoren egin dezaketen bisita aberastu eta prestatu daiteke.
Ekainberri eta irakasleen arteko erlazioa beti oso estua izan da. Horregatik 2014-2015 ikasturtean jarri da martxan ekimen hau. Ikasleek historiaurrea eta Ekaingo ondarea bertan ezagutu aurretik lantzeko aukera egongo da, hau izan baita irakasleek beti komentatu izan duten iradokizun bat.
Baina ez da ikastetxeetan bakarrik geldituko Ekainberriko ekintza hau. Kultur etxeak, zaharren egoitzak eta Zestoara hurbildu ezin duen edozein pertsona dagoen lekuetara iristeko prest daude Ekainberriko hezitzaile eta ekintzak. Gure inguru guztiak historiaurrearekin “bustitzeko” prest dira.

arazi

Leave a reply

X