Grotte de la Cabre: Ardèche haraneko labar irudiak

Grotte de la Cabre edo “Ahuntzaren haitzuloa” Vallon-Pont-d’Arc komunan dago, Ardècheko departamenduan, Auvergne-Rhône-Alpes eskualdean. Ardèche ibaiaren arroila ikusgarrien goiko parteko beste kobazuloetako bat da, kasu honetan ibaiaren mailaren gainetik 20 metro ingurura kokatua. Labar sektore honetan aurki daitekeen haitzulorik handiena da. Departamentuaren jabegokoa da.

Kobazuloa eta bertako labar artea 2002an aurkitu zituzten Braize eta Raimbault espeleologoek Ardèche haranean burutu zituzten espeleologia lanen testuinguruan.

Paleolito garaitik hona kobazuloaren itxura asko aldatu da, momenturen batean sarreraren parte bat maldan behera amildu zen, jatorrian gaur egun neurtzen dituen 10 metro inguruak baino luzeagoa izango zen eta barruko irudiak gaur egun baino babestuagoak egongo ziren. Denborarekin material arkeologiko asko galdu dela dirudi.

Ardèche ibaiaren arroiletako meandroen gunea, Grotte de Cabre kokatzen den ingurua, Vallon-Pont-d’Arc komunan.

3 metro inguruko diametroa duen sarrera bat du, 20 zentimetro inguruko zabalera duen inbutu batean bukatu arte, baioneta formadun galeria bakar bat da, zoru irregularra kaltzitaz estalirik dago, sarreratik gorantz doa.

Irudiak margo gorriak dira eta kobazuloaren alderdi desberdinetan daude, gaur egungo sarreraren atzeko partean, batzuk kaltzita ilunez estalita daude. Irudi asko margo gorrien hondakinak dira, esku negatibo posible bat ere badago.
Bisonte handi bat izan daitekeen irudia lerro lodiarekin egina dago, atzamarrarekin zabaldutako margoa izan daiteke.

Gorriz margoturiko orein edo ahuntz gazte baten irudia da kobari izena ematen diona, adarrak izan daitezkeen markak ditu eta puntu gorri batek begiaren lekua betetzen du.

Zaila da margoak egin ziren momentua ezartzea, Goi Paleolitokoak dira zalantzarik gabe, baina ezin da data zehatzago bat ezarri.

Ekainberri

Leave a reply

X