Castillo Mendiko haitzuloak: Historiaurrean zeharreko ibilbidea

Cantabriako Puente Viesgo herrian kokatua, Castillo mendia 385 metrotako gailur konikoa da, Nansa eta Pas haranak uztartzen dituen balio estrategiko handiko eremuan. Bertako bost haitzulotan giza espezie desberdinak bizi izan dira Behe Paleolitotik Brontze Aroraino (200.000-3.500 urte) eta Paleolitoko labar artea aurkitu da.

El Castilloko irudiak 1903tik ezagutzen dira, Goi Paleolito osoko apaindurak ikusi daitezke, Aurignac edo Gravete aldietatik (28.000 urte) eta Madeleine aldiraino (13.000 urte).

Bertan zeharkako eskuak aipatu behar dira, Gravete aldiko (25.000-22.000 urte) adierazle kronologikoak. Baita zeinu konplexuak ere, batez ere lauki formakoak eta puntu multzoek osatuak.
Las Monedaseko artelanak 1952an aurkitu ziren, izena bertan topaturiko hogei txanponei zor dio. Irudi guztiak margo beltzak dira, animaliak zein zeinu konplexuak. Madeleine aldi bukaeran egina, duela 12.000 urte inguru, Kantauri aldeko multzorik berrienetakoa da.

La Pasiegako irudiak 1911an topatu ziren, lau galeriatako bakoitza garai desberdinetan apaindu zutela dirudi, Gravete aldi bukaeratik hasi eta Madeleine aldiraino. Iberiar Penintsulan irudi gehien dituen haitzuloa da.
Las Chimeneaseko irudiak 1953an aurkitu ziren, izena beheko galeriara daramaten leize estuei zor die, jatorrizko sarrera itxita dago. Grabatuak eta margo beltzak daude, garai desberdinetakoak dirudite, baina margo beltzen datatzeekin zalantzak sortu dira.

La Flechako irudiak ere 1950eko hamarkadan aurkitu ziren, izena bertan aurkituriko kobrezko gezi punta bati zor dio. Paleolitoko eta Kalkolitoko aztarnak ditu, baita bi irudi grabatu multzo ere, hatzekin buztin bigunean eginiko “macarroni”ak eta animali itxurako bat. Euren datatzea arazotsua da.
2008an UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zituen, Altamirako haitzuloa eta Kantauri Isurialdeko Paleolitoko Labar Artea multzoan.

arazi

Leave a reply

X