El Pendo: orein gorrien haitzuloa

El Pendo Kantabriako Escobedo de Camargo herrian dago, Churi auzoan. 1878an hasi ziren bertako indusketak eta XX. mende osoan zehar burutu. Erdi Paleolitotik Erdi Arora arteko aztarnak aurkitu dira, gizakia bertan bizi izan da duela 84.000 urte ingurutik, lehenik Neandertal gizakia eta gero Homo Sapiensa.
Bertako aztarnategia Europako Historiaurrean aipatuenetariko bat da, Iberiar Penintsulako arte eramangarri bilduma onenetako bat du, horren lekuko, hamabi aginte makila, arpoiak edo arrain formako espatula bat.
Tamaina ikusgarriko kobazulo bat da, Paleolitoko biztanleek 600 metro karratu inguruko espazio bat izango zuten, parte askotan 40 metrotik gorako zabalera eta 22 metrotarainoko altuera ditu.
1907an bi irudi zizelatu aurkitu ziren haitzuloaren parterik sakonenean, hegazti bat eta zaldia dirudien bat, tradizionalki Behe Madeleine aldian kokatu izan dira (16.000-14.500 urte).
1997an “Margoen Frisoa” aurkitu zen, ordura arte hormaren zikinkeriak estalita egon zen 25 metro ingurutako multzoa, irudi gorriz osatua, haitzuloaren ahotik 80 metro ingurutara.
Bertan hamabi orein eme, ahuntz bat, zaldi bat, bi zoomorfo zehaztugabe eta zeinu mota desberdinak (puntuak, diskoak, marrak) ikusten dira.
Punteatu teknikaren erabilera ikus daiteke, tanpoiarekin edo atzamarrarekin egina. Teknika hau Kantauriar eskualdean bakarrik agertzen da eta Gravete aldira mugatuta (25.000-20.000 urte inguru).
El Pendoko irudiak duela 20.000 urte ingurukoak direla uste da, Gravete aldiaren bukaera edo Solutre aldiaren hasierakoak. Bi artistek aldi berean egindako lanaren emaitza dela pentsatzen da.
2008an UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen, Altamirako haitzuloa eta Kantauri Isurialdeko Paleolitoko Labar Artea multzoan.

arazi

Leave a reply

X