Ekainberri eta Lili Jauregia Ondarearen Europar Jardunaldietara batzen dira

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak, laugarren urtez jarraian, Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatu ditu. Europako Kontseiluaren ekimen honen xedea ondarearen garrantzia balioetsi eta herritarrei gerturatzea da. Edizio honen ardatza Ondarea plazara! izango da. Aurten, publikoari aisialdiak ondarearekin lotuta dituen osagai ukigarriak eta ukiezinak ikertzea eskatuko zaio.

Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek elkarrekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritu dira Jardunaldien eragina Euskadi osoan barreiatu dadin, ahaleginak optimizatu eta esperientziak trukatzeko ere.

Ondarearen Europako Jardunaldien kartel iragarlea

Aurten Gipuzkoan antolatutako ekintzetara hurbiltzen den jendeak hainbat eskaintzaz gozatu ahal izango du: ikuskizunak, bisita eta ibilbide gidatu edo antzeztuak, jardunaldi edo lantegi gastro-kulturalak, erakusketa fisikoak eta birtualak eta abar. Gainera, jolas tradizionaletan ere parte hartu ahal izango du, hala nola bolo txapelketak, gymkhanak edo treska estropadak. Jarduerak irailaren 15ean hasiko dira eta azaroaren 14an amaitu, ekintza gehienak urrian izango diren arren.

Jardunaldi hauen helburu nagusiak hauek dira:

  • Aisialdiari, kirolari, jolasari eta jaiari lotutako gure ondareak duen garrantzia nabarmentzea.
  • Jolasa eta jaia kulturen arteko zubi bezala erabiltzea.
  • Ondarea babesteko kontzientzia areagotzea.

Gipuzkoa osoko 32 udalerrietan burutuko diren 62 jarduera aurkeztu dira, eragile publiko nahiz pribatu anitzen bitartez, hartara jendeak, egun konkretu batzuetan ondarearekin zerikusia duten baliabide ugaritara iritsi eta ezagutzeko aukera izan dezan, gainera ezohiko modu batean.

Ekainberri Jardunaldietara urriak 18 ostiralean batuko da, egun horretan Zestoako Kultur Etxeko antzokian Ama-Alu-Lur antzezlan saritua taularatuko da. Aurkikuntza ikusgarri bat burutu eta barne gatazkei aurre egin behar dioten bi espeleologoren istorioa da, beti umore ikuspegi batetik.

Lili Jauregia jarduera honetara lau bisita antzeztu doan eskainiz batuko da, bi euskaraz eta bi gazteleraz, guztira 80 plaza. “Lilitarren ohorea” bakarrizketa dramatizatuaren bidez, eraikin ikusgarri honen eta XVII. mendeko familia gipuzkoar garrantzitsuenetako baten barruak ezagutzeko aukera izango da.

Jardunaldi hauen xedea da ondareari balioa ematea, Gipuzkoako herritarrei ohi ez bezalako beste modu batean gerturatuz, gai komun batekin, eta egun jakin batzuetan.

Jardunaldi hauek herritarrengana hurbiltzeko asmoz, Foru Aldundiak esku-orriak inprimatu eta banatu ditu, gure lurraldeko aisialdi gune guztietan, liburutegietan eta kiroldegietan.   Programa osoa eskuragarri dago webgune honetan:

https://www.gipuzkoa.eus/es/web/kultura/patrimonio/proyectos/jornadas/europeas

 

 

 

 

Ekainberri

Leave a reply

X