La Clotilde o La Lora: Saja ibaiaren arroko altxorra

La Clotilde edo La Lora haitzuloa Kantabriako Reocín udalerrian dago, Quijas herrian, Saja ibaiaren bailaran. Bi sarrera ditu, gaur egun erabiltzen dena artifiziala da, 200 metro inguruko garapena du, galeria zuzen eta irisgarriekin.

1906an aurkitu eta ikertu zuten Hermilio Alcalde del Río eta Henri Breuil arkeologoek, gerora beste aurkikuntza batzuk burutu dira. Madeleine aldiko (duela 16.000-12.000 urte) okupazio aztarnak eta Aurignac aldi bukaerako edo  Gravete aldiko labar arte adierazpenak deskribatu zituzten. Madeleine aldiko azagaiak eta Erromatar garaiko terra sigillata zeramika zati bat aurkitu dira bertan.

Quijaseko La Clotilde kobazuloaren sarbidearen xehetasuna

1997an Kultur Interesdun Ondare izendatu zuten. Gaur egun publikoarentzat itxita dago, gutxienez hiru momentu desberdinetan irudien gainean marraztu eta kalteak izan zirelako, sarrera ikerlarientzat mugatuta dago eta bertan sartzeko Kantabriako Gobernuaren baimena behar da.

Bertako labar artearen bereizgarrietako bat “macarroni” teknikaren erabilera da, irudiak atzamarrarekin zuzenean buztin bigunaren gainean eginak daude, sabaietan eta hormetan. Irudien estiloak landugabea dirudi, elementu figuratiboetan ikuspegi oker edo erdi okerrekin.

9 animali irudi daude, 7 bobido, zaldi bat eta katuki zalantzagarri bat. Zenbait zeinu konplexu ere ikusten dira, hala nola lerro zeharkatu eta gurutzaturekin eginiko betelan bat, badira zenbait mantxa gorri isolatu ere.

La Clotilde kobazuloko bobido irudiaren xehetasuna, bandalismo ekintzek larriki kaltetua

Irudiak ez dira batere ohikoak eta bere garaiari buruzko zalantzak sortzen dituzte, Aurignac aldiaren oso bukaeran edo Gravete aldian zehar kokatu izan dira, duela 28.000 eta 23.000 urte bitartean, baina beste ikerlari batzuk aztarna arkeologikoen garai berdintsuetan kokatzen dituzte, Madeleine aldian, duela 16.000-12.000 urte ingurukoak izan daitezke.

Ekainberri

Leave a reply

X