Trois Pignons mendigunea hareharrizko mendiek osaturiko eremu bat da, Seine-et-Marne departamenduan dago, Île-de-France eskualdean. Hareharriaren higaduraren ondorioz hainbat haitzulo eta harpe sortu ziren, beraietako askotan Historiaurreko okupazio aztarnak aurkitu dira eta zenbaitetan Paleolitoko eta Mesolitoko labar artea.
Abri Du Croc Marin Montigny-sur-Loing komunatik 2 kilometrotara dago, Larchant eta Fontainebleautik iparraldera. Jatorriz hiru ganberatan banaturiko 30 metro inguruko estalpe bat zen, baina 1870ean harrobi bateko lanek zati handi bat suntsitu zuten eta hainbat kontserbazio arazo eragin.

Lehen ikerketa arkeologikoak XIX. mendearen bukaeran egin ziren, metodo zientifiko egokirik gabe, aurkitutako materialak bilduma pribatuetan aurkitzen dira. XX. mendean zehar aurkikuntza berriak burutu dira.

Labar artea 1947an aurkitu zen eta 1953an Monumentu Historiko kalifikazioa jaso zuen. Irudi beltz bat zela pentsatzen zena onddo bat gertatu zen, kedar ugariak irudien identifikazioa zail egiten du, beste irudiren baten jatorrizkotasuna ere zalantzan jarri izan da.

Okre gorri eta hori aztarnak daude, baina kontserbatzen diren irudi gehienak grabatuak dira eta gai nagusia zeinuak, hiru edo lau lerro paraleloz osaturiko zirkuluak edo laukiak aurki daitezke bertako sabaian, baita bi orein gorrixka ere.
Croc Marineko zeinuak oso ezohikoak dira eta labar artearen eremu tradizionaletik urrun aurkitzen dira. Bi faktore horiek beraien datatzeari buruzko zalantzak sortu dituzte. Henri Breuilek 1949an bi garai posibletan kokatu zituen, seguruenik Madeleine aldikoak zirela uste zuen, duela 12.000 urte ingurukoak, baina Goi Paleolitoaren garairik zaharrenetakoak ere izan zitezkeela baieztatu zuen, Aurignac aldikoak.