Creswell Crags: labar artea Britainiar Irletan

Ingalaterrako Derbyshire eta Nottinghamshireko konderrien artean, Creswell eta Whitwell herrien arteko mugan, Creswell Crags deituriko kareharrizko arroila bat dago, bertako maldetan azken Izotz Aroan okupatuak izan ziren hainbat kobazulo daude eta horietako batzuetan labar artea aurkitu da.

Hegaztiak izan daitezkeen irudi grabatuak, Church Hole Cave, Creswell inguruan (Erresuma Batua).

Azken Izotz Aroan inguru hau gizakiak bizi ahal izateko eremuaren mugan egongo zen. Bertan duela 60.000 urte inguruko neandertalen aztarnak aurkitu dira, duela 32.000 urte inguruko Homo sapiensaren aztarnak daude eta Erdi Arora arteko giza okupazio zantzuak, besteak beste Izotz Aroko animalien aztarnak, hainbat tresna eta arte eramangarri pieza.

Church Hole Cave haitzuloko zeinu grabatu multzoa.

Inguruko haitzuloen indusketa 1876an hasi zen arren, bertako irudi grabatuak eta altuerliebeak 2003ko apirilean aurkitu ziren, Robin Hood Cave deituan irudi bat dago eta Church Hole Cave izenekoan 80 inguru.

Church Hole Cave haitzuloaren hormetako baten ikuspegia.

Britainia Handian aurkitu diren Paleolitoko labar arte adierazpen bakarrak dira eta Europaren iparraldeenean aurkituak. Oreinak, elur-oreinak, bisonteak eta eztabaida eragin duten zenbait hegazti espezieren marrazkiak dira, baita esanahi erlijiosoa izan dezaketen hainbat zeinu abstraktu ere, batzuk bulba bezala interpretatuak.

Grabatzaileek harkaitzaren formak erabili zituzten irudiak osatzeko, posible da goizean kobazulora sartzen zen argiarekin efektu bereziak bilatzea.

Arte adierazpenek kontinentean Madeleine aldian eginiko irudiekin lotura estilistiko estua dute eta uranio-torio serieekin irudien gaineko kaltzitetan egindako datatzeek duela 13.000-8.000 urte inguruko datak ematen dituzte.

Natur erreserba baten barruan aurkitzen da eta Berariazko Interes Zientifikodun Leku bezala babestua izan da, Antzinako Monumentuen Zerrendan dago baliabide arkeologiko eta paleontologiko bezala. Publikoarentzat zabalik dago.

Ekainberri

Leave a reply

X