Ardèche ibaiaren arroilak, Frantziako estatuaren hego ekialdean, labar artedun kobazulo eta harpeetan oso lurralde aberatsa dira. Baume d’Oullins edo Baume d’Oulen izeneko kobazulo apaindua Labastide-de-Virac (Ardèche departamendua) eta Le Garn (Gard departamentua) komunen artean kokatzen da. Ardècheko Arroiletako Natur Erreserba Nazionalaren lurraldeetan dago.
Haitzuloa 1896an aurkitu zuen Paul Raymond doktoreak. Iparralderantz orientaturiko kobazulo bat da, norabide horretan zabalduriko atalondo handi bat du, 50 metro inguruko luzera eta 15 metro inguruko altuera duena, eguzkiaren argia espazioaren nahiko barruraino sartzen da. Itsas mailaren gainetik 220 metro inguruko altitudean aurkitzen da.
Erdi Paleolitotik Neolitora bitarteko giza okupazio aztarnak aurkitu dira bertan, duela 100.000 urte ingurutik duela 10.000 urte ingura egon zen okupatua. Goi Paleolitoa ikertzeko Rodano ibaiaren isurialdeko aztarnategirik onenetako bat kontsideratzen da.
Kobaz hiru espaziotan bana daiteke, 27 metro inguruko atalondo bat, lehen aretora irekia, lehen areto hori eta sarbidea galeria txiki batetik duen bigarren areto bat. Espazio guztietan aurkitu dira labar irudiak, margo gorriak, margo beltzak eta grabatuak. Atalondoko irudi grabatuak inguru horretan egiten duen hotzak eta izotzak nahiko kaltetuta daude.Bau
Guztira 23 irudi zenbatu dira bertan, gehienak mamutak dira, beraietako batzuk oso estilizatuak, baina badira basahuntzak, bisonteak eta ezaugarri desberdinak dituzten zenbait zeinu ere, marrak, hirukiak, bastoi formakoak, obalatuak, tektiformeak… Irudiek elkar osatzen dutelako sentsazioa sortzen da.
Baume d’Oullins edo Baume d’Ouleneko labar artea Solutre aldian egina izan daiteke, duela 18.000 urte inguruko gizakiek egina.