Ardèche ibaiaren haranean, batez ere beheko partean, Paleolitoko okupazio aztarnadun kobazulo ugari daude, horietako bat da Baume de Bouchon edo Baoumo de Boutchous, Tibure haranaren ipar isurialdeko horma batean kokatua eta hegoalderantz orientatua.
Vallon-Pont-d’Arc komunan aurkitzen da, Ardèche departamenduan, Auvergne-Rhône-Alpes eskualdean, itsasmailarekiko 240 metroko altueran eta ibaiaren mailarekiko 100 metro ingurura. Komunaren jabegokoa da, kontserbazio egoera onean dago, hainbat grafiti moderno ikus daitezken arren. Publikoari itxita mantentzen da eta urbanizatu gabe dago. 1982an Leku Garrantzitsu izendatua izan zen.
Erdi Aroan eta Aro Modernoko Erlijio Gerren denboran babesleku bezala erabili zuten eta XIX. mendean artzain bat bizi izan zen bertan.
1947an André Gloryk ikertu zuen, emaitzak 1955an argitaratuz. 40 metro inguruko galeria bat da, txikia eta bihurgunetsua, harriek zailtzen dituzten zenbait sarrerekin, estuguneek hiru gela nagusitan banatua, kobaren sarrera beheratuta dago.
Labar irudiak hirugarren aretoaren mendebaldeko horman daude, sarreratik 25 metro ingurura, 3 metro inguruko altueran.
Margo gorrixka-laranjak dira, gainetik apur bat belztuak, basahuntz baten adarrak aurretik begiratuta, animalien lepo-bizkar lerroa izan daitezkeen hiru lerro bihurri eta bi zeinu obalatu ikusten dira.
Bertan ez da indusketa arkeologikorik egin, beraz, ez da batere erraza margoen data ezartzea. Irudiak inguruko beste kobazulo batzuetakoekin konparatuz, Solutre aldikoak izan daitezke (duela 20.000-18.000 urte inguru). Inguruko kobazulo batean aurkituriko suharrizko tresnei begira, zaharragoak izan daitezke, baina inguruan Neolitoko labar artea duten zenbait harpe ere badaude, beraz, berriagoak ere izan daitezke.