Vacheresse: zaldi grabatu bat Ardècheko kobazulo batean

Vacheresse deituriko haitzulo apaindua Vallon-Pont-d’Arc komunan dago, Auvergne-Rhône-Alpes eskualdeko Ardèche departamenduan. Inguru honetan Paleolito garaiko giza okupazio aztarnak dituzten zenbait kobazulo daude, beraietako batzuk labar artearen arloan mundu mailako garrantzia dutenak.

Vacheresse haitzuloaren sarreraren xehetasuna, Ardèche departamenduko Vallon-Pont-d’Arc komunan

Hegoalderantz orientatua dago, Cirque d’Estre formazio geologikoaren parte den labar baten gailurretik 10 metro ingurutara, itsasmailarekiko 235 metroko altueran. Atalondo ireki batetik 30 metro inguruko luzera, 10-15 metroko zabalera eta 5-8 metro inguruko altuera duen galeria batetara sartzen da, 4 metro inguruko sakonera duen putzu batean amaitzen da.

Vacheresse haitzuloan aurkituriko material arkeologikoaren xehetasuna

Kobazuloa espeleologoek aztertua zegoen eta sarrera partea artegi bezala erabiltzen zen, XIX. mendean ikertu zuen Ollier de Marichardek, Kalkolito garaiko materiala aurkitu zuen eta Paleolitokoa izan daitekeen industria, baina ez dago kronologia argi bat ezarrita.

Labar artea 1960an aurkitu zuen J.L. Roudilek, irudi grabatu bakar bat dago, putzuaren horma bertikaleko buztin bigunean atzamarrarekin grabaturiko zaldi batena, “macarroni” izenez ezagutzen den teknika bat, atzeko zangoetan errepikapen eta zuzenketa zeinuak ditu.

Irudia bere antzinatasuna baieztatzen duen kaltzita geruza batek estalia dago, marrazkiaren estiloak eskualdeko grabatu arkaikoen mailan kokatzen du, hala nola eskematismoak, hiruki formako zangoak edo sabel puztuak. Aurignac aldikoa izan daiteke, agian duela 30.000 urte baino gehiago egina inguruko beste leku batzuetako marrazkietan oinarrituz, baina ez dago bere kronologia ezartzen laguntzen duen material arkeologikorik.

1982an Leku Garrantzitsu izendatu zuten, 1995etik Monumentu Historikoen zerrendan dago. Jabego pribatukoa da eta publikoarentzat itxita dago.

 

Ekainberri

Leave a reply

X