Grotte Huchard: Solutre aldiko grabatuak

Huchard haitzuloa Saint-Martin-d’Ardèche komunan dago, Ardècheko departamenduan, Auvergne-Rhône-Alpes eskualdean. Grotte du Ranc Pointu nº 1 edo Grotte du Squelette izenez ere ezaguna, Ranc-Pointu mendizerran dago, Ardèche ibaiaren arroilaren azken meandroaren ezker aldean, hego-ekialderantz irekia ibaiarekiko 30 metro inguruko altueran.

Grotte Huchar haitzuloaren sarreraren xehetasuna, Saint-Martin-d’Ardècheko komuna frantziarrean, Auvergne-Rhône-Alpes eskualdean

5 metroko zabalera eta 4 metroko altueradun sarrera bat du, 15 metro inguruko areto erregular bat da, pitzadura batean luzatzen da. Artegi bezala erabiltzeko eraikitako horma batek zatitzen du.

Oso kobazulo irekia da, eguzki argiak eta izotzak asko eragiten dio, ganadutegi bezala izandako erabilerak ere kalte ugari eragin ditu aztarna arkeologiko posibleen kontserbazioan.

Aztarnategia XX. mende hasieran aztertu zen eta grabatuak 1908an aurkitu ziren, baina ahaztuta gelditu ziren 1940an Pierre Huchardek “berraurkitu” zituen arte. Behe Solutre aldiko eta Azken Madeleine aldiko aztarna arkeologikoak aurkitu ziren.

Irudi grabatuak barruko horman daude, gainontzeko hormak baino hobeto mantentzen den 2 metro² inguruko panel konkabo batean.

Ardèche ibaiaren azken meandroaren ikuspegia, Grotte Huchard dagoen ingurua

Lerro grabatu sakon ugari daude, elkarren artean lotuak, irudiak identifikatzea zaila, baina mamut nahiko handi bat, mamuta izan daitekeen beste irudi bat eta bisonte baten bizkar-lerroa eta isatsa izan daitezkeen hirugarren bat bereizten dira. Posible da jatorrizko irudi asko galduta egotea.

Estiloagatik eta inguruko beste kobazulo batzuetako irudiekin alderatuz, marrazkiak Behe Solutre aldikoak izan daitezke, duela 22.000 urte inguru eginak.

Komunaren jabegokoa da eta publikoarentzat itxita dago, 2017tik Monumentu Historikoen Zerrendan sartuta dago eta 2020tik bertan diziplina anitzeko ikerketa talde bat bertan lanean ari da.

Ekainberri

Leave a reply

X