Gran Chêne de Gaud edo “Ontzigileen koba” izenez ere ezaguna, Ardèche ibaiaren arroilako Gaud meandroan dagoen hiru haitzulo txiki paraleloetako bat da. Saint-Remèze komunan dago, Ardècheko departamentuan, Auvergne-Rhône-Alpes eskualdean.
Ardèche ibaiaren ezker aldean kokatzen da, oso horma buztintsuak ditu eta pentsatu izan da Neolitoan hor ontzi lantegi bat izan zela, baina ez dirudi inoiz horretarako bezainbeste buztin izan denik.
Inguru honetako kobazuloak artegi moduan erabili ziren eta horretarako itxiera-hormak eraikitzen ziren sarrera partean, horrek material arkeologikoaren galera ekarri du, atalondoak hustu egiten baitziren. Goi Paleolitoan bertan jendea bizi izan zen, sarreran aurkitutako zeramika zatiek Neolitoko erabilera ikusten dute eta Brontze Aroan eta Erdi Aroan ere babesleku izan zela dirudi.
Kobazuloa eta bertako irudiak 1992an aurkitu zituzten Eliette Brunel eta Jean-Marie Chauvetek, Ardècheko arroiletako kobazuloetan egin zituzten ikerketa sistematikoen testuinguruan.
Irudiak erdiko galerian daude, pasabide baxuenean, 40 metro inguruko garapena du eta bi areto txikitara eramaten du, bien hormak oso buztintsuak dira.
Areto txikian bi edo hiru lerro beltz margotu daude, kaltzita geruza batek estalita. Areto handieneko multzoa konplexuagoa da, begien parean zuzenean buztinean atzamarrekin eginiko lerro bihurgunetsuak daude, batzuetan elkarren artean gurutzatzen direnak. Bi, hiru edo gehienetan lau atzamarrekin eginiko marrazkiak dira, printzipioz irudi ez figuratiboak. Irudi guztiak kaltzita geruza fin batek estalita daude, beraien jatorrizkotasuna segurtatuz.
Zaila da beraiek egin ziren garaia zehaztea, datatzeko elementuak falta direlako, baina Goi Paleolitoan eginak dira.