Planchard: emakume irudiak Ardèche haraneko labar artean

Planchard Ardèche ibaiaren haraneko Cirque d’Estre mendizerraren hegoaldeko haitzuloetako bat da, ibai honen adar lehortuetako baten eskuineko ertzean dago, Chauvet haitzuloaren gaur egungo sarreratik 40 metro ingurutara. Vallon-Pont-d’Arc komunan dago, Ardèche departamenduan, Auvergne-Rhône-Alpes eskualdean.

Planchard haitzuloko galerietako baten xehetasuna, Vallon-Pont-d´Arc komunan

Atalondo zabal batetik  sartzen da bertara, formazio geologikoek eta buztin pila batek 20 metro inguruko luzera duen galeria batetara sarrera markatzen dute, galeria horretan hiru leize daude.

Planchard haitzuloko emakume irudi margotuaren xehetasuna

Bertan XIX. mendeko pintada ugari ikusi daitezke, atalondoko materiala ere hustuta eta eraldatuta dago, material arkeologiko posiblea erabat galduta eta formazio geologiko batzuk apurtuta. Kobazuloaren barruko espazioak estalagmitek banatzen dituzte.

Irudiak 1994an aurkitu zituzten inguruko haitzuloetan burutzen ari ziren ikerketa sistematikoen testuinguruan.

Batez ere margo gorriak dira, grabatu batzuk ere badaude, eta galeriaren alderdi sakonaren lau gunetan aurkitu dira, beraietako bat hautsitako estalagmita batean.

Lehenengo multzoan emakume irudi bat, bururik eta oinik gabea, bularra eta ipurdia oso ongi markatuak dituena, eta bi puntu gorri daude.  Emakume irudi margotuak oso arraroak dira Paleolitoko labar artean, gehienak grabatuak dira.

Aurrerago beste bi puntu gorri daude, aurrerago, ezker horman, lerro paralelo grabatuak. Eskuineko hormako zulo batean, erliebe natural bat aprobetxatuz egina, beste emakume irudi bat ikusi daiteke, oso estilizatua, Gönnesdorfeko venusaren estilokoa, bere data ezartzeko elementu baliagarria. Hormako zulo horren inguruan elementu margotu eta grabatu ez-figuratibo gehiago daude.

Irudiak Goi Paleolitoaren bukaera aldekoak dirudite, Madeleine aldikoak, duela 13.000-11.000 urte inguru eginak.

Ekainberri

Leave a reply

X