Urriaren 22an Ondarearen Europako Jardunaldiei dagokien bisita Ekainberrin

Urriaren 22an Ekainberrin Ondarearen Europako Jardunaldiari dagokion jarduera burutuko dugu, aurten gaia “Ondarea loratuz, gozatu! Patrimonio sostenible” da eta kultur ondarea eta jasangarritasuna lotzea du helburu. Ekainberrik bere jarduera urriaren 22rako prestatu du, Ekaingo kobazuloaren testuinguru naturala ezagutzen lagunduko digun bisita gidatu berezi bat.

Eguerdiko 12:00etan Zestoako Sarrera Salmenta Bulegotik abiatu eta Sastarrain bailarako landaredia ezagutzeko aukera izango da, Paleolito garaitik hona gure paisaiek izan dituzten aldaketei buruz gogoeta egiteko aukera bikaina.

Zestoara gerturatu eta Sastarrain bailararen landarediaren edertasunaz gozatu ahal izango da bisita gidatu berezi batean. Gida baten laguntzaz, oinez murgilduko gara bailaran barrena eta bidean ikusi daitekeen landaredia ezagutuko dugu, duela 14.000 urte Ekaingo margoak margotu zituztenek ezagutu zuten landarediarekin alderatuz. Plan ezinhobea da gure ingurugiroak bizi izan dituen aldaketak ezagutu eta naturaz gozatu nahi duen edonorentzat, familian, taldetxoan zein banaka.

Sastarrain bailara babestutako gunea da eta oraindik Historiaurrean ere bertan bazen landaredia ere topatu dezakegu. Ekaingo kobazuloaren margoen garrantzia hobeto ulertzeko, beharrezkoa da Ekain Lurraldea ere ezagutzea. Nolakoa zen Ekaingo zaldi ospetsuak margotu zituzten pertsonak bizi ziren ingurunea? Nola aldatu da Ekain Lurraldea azken 14.000 urte hauetan?Badakigu lehen espezieak sortu zirenetik landaretzaren ezaugarriak ere aldatuz joan direla, besteak beste klima aldaketen ondorioz. Paisaia eta espezieak etenik gabe aldatzen doazen arren, duela 14.000 urte Ekaingo zaldiak margotu zituzten biztanle haiek ezaguturiko bailaran presente zeuden espezieak topatu ditzakegu gaur egun ere. Horietako askok, gainera, haien bizimoduarekin lotura zuzena zuten.

Ondarearen Europako Jardunaldien zazpigarren edizioa da aurtengoa eta kultur ondareaz modu jasangarri batean gozatzeko gonbidapena egiten digu. Programa hau Europako Kontseiluaren ekimena da, Europako Batzordearen babesarekin, eta herritarren eta euren ondarearen arteko lotura sendotzeko helburuarekin sortu zen.

Bisita urriak 22 larunbatean izango da, 12:00etan bilduko gara Zestoako herrigunean kokaturiko Ekainberriko Publikoarentzat Arreta eta Salmenta Bulegoan eta gida baten laguntzaz Ekainberriraino gerturatuko gara ordu eta erdi inguru iraungo duen ibilaldi batean. Behin Ekainberriraino helduta, partehartzaileek beraien kabuz Ekaingo jatorrizko kobazuloraino hurbiltzeko aukera izango dute edo, aurretik sarrera hartuta badute, Ekainberri bisitatzeko ere bai.

Bisita gidatua doakoa izango da, euskaraz, aurretik Ekainberriko Publikoarentzat Arreta eta Sarrera Salmenta Bulegoan erreserba egin behar da, 943 868811 telefono zenbakira deituz edo info@ekainberri.com helbidera idatziz.

Naturaren eta historiaren bidaia honetan, duela 14.000 urteko Ekain Lurraldea eta gaur egungoa aurrez aurre jarriko ditugu. Ibilbidean topatuko dugun landaretzaren azterketa egingo dugu, eboluzioa eta egungo gizarteak inguruko bioaniztasunean duen eragina hobeto ulertzeko.

Bisita oinez egingo denez, oinetako erosoak eta eguraldiaren araberako arropa eramatea gomendatzen da. Ibilbidea erraza eta erosoa da, ia erabat laua.

–         Eguna: urriak 22 larunbata

–         Hasiera: 12:00tan bisita gidatua, euskaraz.

–          Elkargunea: Zestoan. Ekainberriko publikoarentzako arreta eta sarrera salmenta bulegoa (Portale kalea 1).

–          Amaiera: Ekainberri (Zestoatik 20 minutura)

–          Prezioa: Doan

–          Iraupena: Ordu t’erdi

–          Izen-ematea: erreserbapean 943 86 88 11 telefonoan edota info@ekainberri.com email helbidean.

–          Oharrak: Bisita oinez egingo denez, oinetako erosoak eta eguraldiaren araberako arropa eramatea gomendatzen da.

https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/kultura/ondarea/proiektuak/europako-jardunaldiak

 

Ekainberri

Leave a reply

X