Cabrerets komunako horma batean dagoen haitzulo txiki bat da, Céle ibaiaren eskuineko aldean, Cabrerets arroilaren ekialdeko muturrean, Lot departamenduan, Okzitania Berria eskualdean. Komunako azken etxeen gaineraino zabaltzen da, etxeetako bat sarreraren gainean eraikita dago. Jabego pribatukoa da eta publikoarentzat itxita dago.
2 edo 3 metroko garaiera eta 25 metro inguruko luzera dituen tutu doblatu baten forma du, bertako hormek higadura handia jasan dute. Erdi Aroan bertan Ama Birjinaren kultua burutzen zen, hormetan hainbat marrazki berri daude.
Ez du aztarnategi arkeologikorik, material betegarria seguruenik garai berrietakoa da, suharri aztarnak aurkitu ziren, baina ez dute datu esanguratsurik eskaintzen.
Mende hasieran Lemozi abadeak Paleolitoko irudiak zeudela susmatzen zuen, baina lehen aldiz 1971an deskribatu ziren. Multzo txikia da, bisonte grabatu batek eta bi zeinuk osatua.
Bisontea sarreratik 5 metro ingurutara dago, ezkerreko hormako sakonune batean, gaur egungo zorutik 0,20 metrotara, zeinuak barrurago. Estilo oso zaharra du, profilez marraztuta dago eta hormaren formetara oso ongi egokitzen da. Burua, aurreko aldea eta sabel aldea higaduraren ondorioz oso desagertuta dauden arren, oso irudi argia da.
Teknika oso berezi batekin marraztu zuten, bi marra paralelo ia bata bestearen gainean eginez, animaliaren ingurua azpimarratu nahi balute bezala, bi marra desberdin egiteko intentzioa erakusten du.
Estiloagatik, hasieran irudiak Aurignac aldikoak zirela pentsatzen zen, duela 30.000 urte baino gehiago eginak, Quercy multzoko irudirik zaharrenetakoak lirateke. Gaur egun, inguruko beste haitzulo batzuetako irudiekin konparatuz, Solutre aldiaren bukaerakoak edo Madeleine aldiaren hasierakoak izan daitezkeela uste da, duela 18.000-17.000 urte inguru eginak.