Grotte de Labastide edo Grotte de L’aspugue hiru haitzulok osaturiko multzo geologikoa da, Grotte des Chevaux (publikoarentzat itxita), Grotte de la Perte (bisitarako egokituriko plataforma batekin) eta Grotte Blanche (giza okupazio aztarnekin). Labastide komunatik mendebaldera dago, 500 metro ingurutara, Hautes-Pyrénées departamenduan, Okzitania eskualdean. 1983tik Monumentu Historikoa da.
Gaur egun desagerturik dagoen iturburu batek osaturiko multzo karstiko baten parte da, 800 metrotik gorako gailurrek osaturiko mendizerra batean dago, itsas mailaren gainetik 200 metro ingurutara, 500 metro inguruko garapena du.
Bertan Madeleine aldiko, Brontze Aroko eta Burdin Aroko aztarnak aurkitu dira, lehen 190 metrotan hamalau ehorzketaren aztarnak daude, beraietatik hiru umeenak, gorpuak bertan uzten zituzten, baina errauste partzial bat eta lekuan bertan eginiko errauste oso bat ere aurkitu dira.s
Kobazuloa XIX. mendetik ezaguna zen, baina labar artea 1932an identifikatu zen Grotte des Chevaux-en, beste bi guneetan ez da marrazkirik aurkitu. XX. mendean zehar aurkikuntza gehiago burutu dira, 200 unitate grafiko grabatu eta margotu inguru osatu arte.
Irudiak sarreratik 300 metro ingurutara daude. Gai nagusia bisontea da, zaldiak, basahuntzak, oreina, basurdea, hartza, felino bat eta hegazti bat ere badaude. Antropomorfoak ere ageri dira, batez ere bulbak, eta hainbat zeinu grabatu, puntu gorriak eta beltzak. Aipatzekoa da artelanak osatzeko erliebe naturalen erabilera.
Arte eramangarri bilduma garrantzitsu bat ere gordetzen du, harrizko xaflatxoak eta hezurrean eginiko basahuntz buruen ingerada ebakiak.
Labar artea eta arte eramangarria Madeleine aldiaren lehen garaietakoak izan daitezke, duela 17.000-16.000 urte inguru eginak.