Le Puy-Jarrige II: zaldiak eta bisonteak hareharrizko kobazulo batean

Le Puy-Jarrige II Jarrige mendigunean aurkitzen da, Corrèze ibaiaren ibaiadarra den Courolle ibaiaren eskuineko aldean, Brive-la-Gaillerde komunako Les Rebières inguruan, Corrèze departamenduan, Akitania Berria eskualdean. Komunak erosi zuen eta publikoarentzat itxita dago.
Hareharrizko haitzuloen ezaugarri morfologikoak ditu, tamaina txikikoa da, 15 metroko luzera eta 3 metroko zabalera duen harpe bat eta 5 metro inguruko dibertikulu batek osatzen du, espazio horretara sarrera pitzadura batetik egin behar da.
Kobazuloak Erdi Aroko okupazio bat izan zuen, kalte handiak eragin zituena. Ikerketak 1865ean hasi ziren, bi okupazio eremu detektatu ziren, faserik zaharrena eskuineko hormaren inguruan dago eta erdialdekoa berriagoa da, Goi Paleolitoaren hasierakoak dira.
Labar artea 1976an aurkitu zen, Courolle inguruko leku arkeologikoen inbentario baten lanak egiten ari zirela, 2008an adierazpen gehiago topatu ziren. Hareharriaren gainean eginiko grabatuak dira eta fenomeno meteorologikoek, batez ere izotzak, kalte handiak sortu ditu hormetan, beraz, posible da irudien zati bat galdu izana.

Le Puy de Jarrige II haitzuloko irudi grabatuetako baten xehetasuna, Brive-la-Gaillerde komunan.

Lehen aurkikuntzak lau irudi ziren, zaldi bat izan daitekeen bururik gabeko animalia bat, bisonte baten bizkar lerroa izan daitekeen lerro ez-jarrai bat, lau kurbako marra bat eta metal herdoilen mantxak luzatzen dituen trazu bikoitz bat dira.
Bigarren fasean bi zaldi grabatu, lerro grabatuak, bisonte bat, horzdun zirkulu bat, giza irudi maskulino bat eta bi lerro grabatu dira.
Irudien data ezartzea zaila da, baina homogeneotasun tekniko eta estilistiko handia dute eta denak garai bertsukoak izan daitezke, beste haitzulo batzuetako irudiekin alderatuz, Gravette aldiaren hasierakoak izan daitezke, duela 29.000-27.000 urte inguru eginak.

Ekainberri

Leave a reply

X