Saguzarren umatze-leku bat Ekainberrin

Saguzarrak kobazuloetako biztanleen artean ezagunenetakoak dira eta askotan galdetzen digute Ekainberrin saguzarrik ba al dugun. Erantzuna BAIEZKOA, baina “gure” saguzarrak ez daude kobazuloaren barruan, eraikinaren alderdi babestu batean baizik, liburutegi gaineko erlaitz batean ezarri dute beraien umatze-lekua.

Saguzarrak hegan egiteko gaitasuna duten ugaztun bakarrak dira eta espezie desberdin asko daude. Ume biziak eta erabat formatuak erditzen dituzte eta horretarako leku ilun eta lasaiak aukeratu ohi dituzte, hala nola, kobazuloak, zuhaitz zulatuen barruak, teilatupeak, ganbarak edo eroritako eraikinak. Garrantzitsua da beraien habiak dauden lekuetara ez hurbiltzea eta beraien erritmoak errespetatzea.

Erditzea udaberrian edo udan ematen da, hilabete bat eta bi arteko ernaldi baten ondoren, eta, normalean, kume bakarra izaten dute. Kumeak, amaren esnearekin elikatzen dira denbora nahiko luzez. Erreprodukzio sasoiaren hasieran, emeak elkartu egiten dira amatasun koloniak eratuz. Horiek buruz behera zintzilikatzen dira eta hilabete batzuetan hor zaintzen dituzten kumeak.

Ugaztunak direnez, gorputzeko iraizkinak kanporatzeko beharra dute, eta, leku altu batean kokatzen direnez, iraizkin horiek goitik behera datoz kristala zikinduz; baina, hori da beraien egunerokotasuna ikustearen truke ordaindu behar dugun prezioa.

Saguzar espezie asko galzorian daude, eta ondorioz, animalia babestuak dira. Ekainberrin beraien ugaltze prozesua egunero ikusteko zortea izaten ari gara, hori bai, kristalaren barrutik eta animaliei eragozpenik sortu gabe. Zuri ere, gauza berbera egitera gonbidatzen zaitugu.

Aste batzuk barru, umeek beharrezko tamaina eta adina harrapatzen dutenean, beste norabait joango dira eta agian, datorren urtean, beraietako batzuk berriro ere Ekainberriko txoko honetara itzuliko dira.

Ekainberri

Leave a reply

X