La grotte du Papetier: Célé ibaiaren arroko bobidoa

La Grotte du Papetier Sauliac-sur-Célé komunan dago, Célé ibaiaren eskuineko aldean, D41 errepidearen ondoan, Lot departamenduan, Midi-Pyrénées eskualdean.

70 metro inguruko garapena du, 30 metro inguruko luzera eta 1 eta 2 metro arteko zabalera duen galeria lehor bat eta urez beteriko sifoi batekin, urak barruko hormetako kaltzitan kalte handiak eragin ditu. Jatorrizko sarreraren zati bat errepidearen eraikuntza lanetan desagertu zen.

Célé ibaiaren ertzeko labarraren xehetasuna Sauliac-sur-Célé komunan, Lot departamenduan.

Labar irudiak, grabatuak, 1968an topatu zituen Michel Lorblanchetek Quercy eskualdeko hainbat kobazulotan ikerketak egiten ari zela.  Errepresentazioak ganga estu batean daude, lehenengoa kobazuloaren sarreratik 22 metro ingurutara.

Marrazki multzo txikia da, ildo oso finarekin grabatua, animalia irudi batek eta hiru zeinu desberdinek osatzen dute. Animalia irudia bobido baten atzeko partea da, seguruenik uro batena, kaltzita pelikula oso higatu batean dago marraztua eta aurreko partea seguruenik higadura horrek desegingo zuen. Zangoak, isatsa, sabelaren hasiera eta bizkarrarena ikusten zaizkio.

Lehen zeinua zenbait lerro hurbilkor dira, 15 zentimetro inguruko luzeradunak, zeharkako bi lerrok gurutzatuta. Kaltzita marroi lamina baten gainean eginak daude eta zizelaren ildoak ere patina marroi hori hartu du. Marretako bat higadurak suntsitu duela dirudi.

Bigarren zeinu bat sifoitik oso gertu dago eta bere aztarna ahul bat besterik ez da gelditzen. Hirugarren zeinua ere gangako kaltzitan dago grabatua, dozena bat zentimetro ingurutan zeharkatzen diren bi angeluk osatzen dute.

Teknikagatik eta kontserbazio egoeragatik, irudien data ezartzea zaila da, baina inguruko beste kobazulo batzuetakoarekin alderatuz, Solutre aldikoak edo Madeleine aldiaren oso hasierakoak izan daitezke, duela 20.000-17.000 urte inguru eginak.

Ekainberri

Leave a reply

X