La Grotte du Moulin de Laguenay: Limousineko esku beltzak

Grotte du Moulin de Laguenay edo Grotte de la Boissière Lissac-sur-Couze komunan dago, Corrèze departamenduan, Limousin eskualdean. Puy Gérald muinoan dago, haran txiki baten hego ekialdean, etxez eta baratzaz inguraturiko eremu batean, bihitegi eta babesleku izan da. 1991tik Monumentu Historikoa da.

Groutte du Mopulin de Laguenay haitzuloa aurkitzen den inguruaren xehetasuna, Lissac-sur-Couze komunan

Jatorrizko sarrera lurraren jabeak lehertu arazi zuen, gaur egungo sarrera haranaren mailatik 140 metro ingurura dago, oso estua da eta jatorrizkoaren gainera jaisten da. 35-40 inguruko garapena duen galeria da, iparralde-hegoalde norabidean orientatuta.  Badirudi harea ustiategi bat izan zela bertan.

Kobazuloa eta labar artea 1978an aurkitu ziren, XXI. mendearen hasieran labar irudi gehiago eta Gravette aldikoa izan daitekeen okupazio maila bat aurkitu ziren, irudiak ere garai horretakoak izan daitezke, duela 25.000 urte eginak.

Irudi gehienak kobazuloaren sakonean dagoen abside moduko baten sabaian daude, azaleraren hutsune batek eta kaltzita geruza batek babestuta. Erdigunean puntu gorriz osaturiko panel bat dago, gutxienaz 24 puntu gorrirekin, hondaturik diruditen beste batzuk ere bai, putz eginez margotuak dirudite eta tamaina azaleraren arabera egokitua.

Puntuen panelaren aurrean zeharkako bi esku beltz daude, putz eginez margotuak, agian azalera baliatuz mugatuak, bata atzamar lodia ezkerrerantz duela eta bestea eskuinerantz, lehenengoa nahiko egoera kaskarrean dago, bigarrena hobean.

Azken aurkikuntzak sarreratik gertuago daude, gorriz margoturiko atzamar lodia ezkerrerantz duen zuzeneko esku  bat, zenbait puntu beltz sabaian, suaren markak ere izan daitezkeenak. Animalia irudi baten aztarnak izan daitezkeen hainbat marra beltz eta  irudi handiago baten parte izan daitezkeen giza jatorriko bi grabatu.

Ekainberri

Leave a reply

X