Grotte du Moulin: labar artea Atlantikoaren eta Mediterraneoaren artean

Grotte du Moulin Troubat komunan dago, Barousse haranean, Hautes-Pyrénées departamenduaren ekialdeko mugan, Okzitania eskualdean. Inguru menditsua da, Gouardère mendizerran dago, Ourse ibaiaren eskuin aldean, itsasoaren mailaren gainetik 541 metrotara.

Grotte du Moulin dagoen labarraren ikuspegia, Troubat komunan

Mediterraneoaren eta Atlantikoaren artean kokatzen da, bi isurialdeetatik datozen elementu materialak aurkitzen dira bertako aztarnategian. Goi Paleolitoko okupazioa duten Pirinioetako kobazuloen multzoan sailkatzen da.

Grotte du Moulin-en sarrera bikoitzaren xehetasuna, Ourse ibaiaren gaineko labar batean, Hautes-Pyrénées departamenduan

Iparralderantz orientaturiko sarrera bikoitz bat du, ibaiaren gainetik 150 metro ingurura amildegian irekitzen den babesleku bat da. Bertatik areto handi batera sartzen da eta hortik hego mendebalderantz doan galeria bat eta 30 metro inguruko hegoalderantz orientaturiko beste galeria bat sortzen dira, bigarren hau da Raymond Bennet galeria, labar irudiak gordetzen dituena.

Bertan jendea bizi izan da Madeleine alditik Brontze Aroraino eta Paleolitoaren eta Mesolitoaren arteko trantsizio klimatiko eta kulturala aztertzeko aztarnategi garrantzitsua da, landare polenen erregistroak Izotz Arotik garai epelerako aldaketa oso ondo erakusten du. Aztarnategiaren zati handiena sarrera bikoitzean dago, 1,5 metro inguruko lodiera duen sedimentu geruza batekin.

Haitzuloa 1868tik ezaguna zen, baina ikerketak 1967tik aurrera egin dira fase desberdinetan, Raymond Bennet galeria eta labar artea 1996an aurkitu ziren, bere sarrera ordura arte Azil aldiko aztarnak gordetzen dituen estratu batek estalita egon baitzen.

Labar artea apala da, mantxa gorriak, trazu grabatuak eta adierazpen ez figuratiboak daude. Madeleine aldikoak izan daitezke, duela 13.000 urte inguru eginak, datazioak kobazuloko hormen pitzaduretan sartuta aurkituriko hezurren bitartez egin dira.

Ekainberri

Leave a reply

X