L’Abri de la Ségognole: zaldi grabatuak Frantzia iparraldean

Ségognoleko harpea Noisy-sur-École komunako Trois-Pignons basoan dago, Fontainebleau izeneko baso eremuan,  Seine-et-Marne departamenduan, Île-de-France eskualdean.

Hareharrizko eremu bat da eta bertan harpe txiki ugari daude, horietako askotan Mesolitoko arte adierazpen eskematikoak daude, beste batzuetakoak Goi Paleolitoan kokatu izan dira, hain iparraldean Paleolitoko labar arte adierazpenak arraroak diren arren.

L’Abri de la Ségognole-ren sarrera, Trois-Pignons basoan, Noisy-sur-École komunan

Harpe txiki bat da, Y formakoa, 7 metro inguruko luzera eta 0,90 metro eta 2,30 metro arteko zabalera eremuaren arabera dituena. Hiru sarrera ditu, grabatuak ipar mendebaldeko sarreraren inguruan daude.

Inguru honetako marrazki batzuk 1865etik ezagunak dira eta bertan denboran zehar hainbat ikerketa kanpaina burutu dira, lan horien testuinguru horretan aurkitu ziren 1981ean Ségognoleko irudi grabatuak. Azalera nahiko egoera txarrean aurkitzen zen eta zenbait sendotze lan burutu ziren. Hormaren hainbat konkor grabatuak buztin bigunaren gainean egin izanaren emaitza izan daitezke.

Apaindutako panel bakar bat du, zaldi grabatu batek, harkaitzaren hiru pitzadurak eta beste zaldi partzial batek osatua, bigarren zaldi horren inguruan beste hainbat adierazpen grabatu ere badaude, agian beste animalia irudiren baten aztarnak izan daitezkeenak.

Zaldi osoaren inguruan dauden harkaitzaren hiru pitzaduretatik bitan giza interbentzioa ikusten da, lerro naturalak luzatuz eta sakonduz, irudia bulba baten adierazpen bezala interpretatu da.

Irudien testuinguru arkeologikoa falta da eta inguru hurbilean ez dago antzeko beste elementu askorik estiloaren arabera data ezartzeko, baina Périgord eta Quercy eskualdeetako labar artearekin alderatuz, Madeleine aldikoak izan daitezke, agian duela 17.000 urte inguru eginak.

Ekainberri

Leave a reply

X