Ekain Fundazioak eta Hezur Museoak datorren larunbatean, abenduaren 16an, erakusketa bat inauguratuko dute Ekainberrin, “Ehizarako artea” izenburupean. Erakusketa 2024ko martxoaren 3ra arte egongo da ikusgai eta José Julián Márquezek egindako 19 bultzagailu erreplika erakutsiko dira; horiek dira armarik zaharrenak eta Historiaurrean erabiltzen zirenak.
Erakusketaz gain, bi erakustaldi egingo dira: lehenengoa datorren igandean izango da, abenduaren 17an, 13:00etan, gaztelaniaz, eta silexeko tailla erakutsi eta lantza edo azagaia bat muntatuko da, eta Historiaurreko bultzagailu batekin ehizatzen ikusi ahal izango da. José Julián Márquez jaunak berak gidatuko du erakustaldia. Parte hartzeko, aurrez izena eman behar da, plazak doakoak izan arren mugatuak baitira. 943 86 88 11 telefonoan edo info@ekainberri.com helbide elektronikoan egin daiteke erreserba.
Ekain kobazuloan zaldi “zoragarriak” margotu zituzten gizataldeek bultzagailuek erabiltzen zituzten ehizarako eta elikagaiak lortzeko. Bultzagailu besoaren luzera luzatzeko balio zuen pieza bat da, eta jaurtigaiak 30 metrora arte jaurtitzeko aukera ematen zuen, abiadura eta potentzia handiagoarekin. Bultzagiluarekin jaurtitzen ziren jaurtigaiak lantza arinak ziren, azagaia izenekoak, harrizko punta apaindua zutenak, eta pieza artistiko bihurtu ziren. Animaliak ziren arte-motibo nagusietako bat, hala nola zaldiak, oreinak, uroak edo arrainak, eta artelan apartak sortzen zituzten.
Bultzagailu gehienak Frantzian daude, Pirinioetan, eta baita Dordoñan eta Erdialdeko Europan ere. Gainera, Bizkaian Santimamiñen dokumentatu zen bat eta dozena erdi gehiago aurkitu dira Isturitzen, Donbemartiri/Saint Martin d’Arberouen (Nafarroa Beherea).
José Julián Márquez ofizioz igeltseroa da eta bere denbora librean historiaurreko tresnen erreplikak egiten aritzen da, garai hartako lehengaiak eta teknikak baliatuta. Historiaurrearen inguruko “grina” txikitan piztu zitzaion, errekan Brontze Aroko eraztundun aizkora bat aurkitu zuenean. Duela 3.500 urte ingurukoa da, eta gaur egun Gordailuan dago, Gipuzkoako Foru Aldundiaren material arkeologikoetarako biltegian.
Márquezek, urte hauetan, ehunka piezaren erreplikak sortu ditu, eta 2019an bere jaioterrian, Elgoibarren, Hezur Museoa jarri zuen martxan pieza horiek jendaurrean erakusteko. Museoan Historiaurreko hainbat garaitako tresnen 700 erreplika daude ikusgai. Hala ere, Goi Paleolitoko piezek pisu espezifikoa dute, eta bereziki esanguratsua da Madeleine aldiko bultzagailuen bilduma.
Azkenik, Zestoako Ekainberrik eta Elgoibarko Hezur Museoak errepliken bildumako bultzagailu esanguratsuenak hautatu dituzte, eta erakusketa hau antolatu dute Ekainberrin. Historiaurreko gizakiek ehizarako bultzagailuetan gauzatzen zuten artea ezagutarazteko erakusketa bat da. 19 pieza desberdin hautatu dira, bultzagailuetako artearen errepaso orokorra egiteko. Erakusketa bisitatu ahal izateko, Ekainberrirako eguneko sarrera eduki beharko da.
Zestoa, 2023ko abenduaren 13a.