Reverit: Madeleine aldiko eskultura multzoa

Reverdit harpea Sergeac komunan dago, Vézère haranean, Dordoina departamenduan, Akitania Berria eskualdean.

12 harpek osaturiko Castel Merle Historiaurreko okupaziodun harpe multzoaren parte da, inguruko beste batzuekin alderatuta, nahiko babesleku txikia da. 1924tik Monumentu Historikoa da, 1979an Gizateriaren Ondare izendatua izan zen Vézère haraneko Historiaurreko leku eta haitzulo apainduak multzoan.

Reverit harpearen sarreraren irudia, Sergeac komunan, Dordoina.

Labarraren oinean aurkitzen den harpe bat da, 15 metro inguruko luzera, 5 metro inguruko sakonera eta 3 metro inguruko altueraduna, ekialderantz orientatua, izotzaren eta landarediaren ondorioz higadura handia jasan du, sabaia erabat suntsitua du. 1924an bere sarrera erabat ixten duen horma bat eraiki zen.

Babeslekua 1875an topatu zuen Alain Reverditek, lehen irudi frisoa berak topatu zuen 1878an. 1909 eta 1914 bitartean burutu ziren indusketetan irudi landuak zituzten 19 harkaitz bloke topatu ziren, seguruenik sabaitik eroriak. 1927an bigarren frisoa topatu zen.

Apaindutako lehen friso zizelkatuak 3,5 metro inguruko luzera du, harpearen goiko aldean dago, irudiak oso kaltetuak daude, zeinu abstraktuak eta animalia irudiak identifikatu dira bertan, bi zaldi, bi bisonte, ustezko haragijale bat eta beste ustezko zaldi bat.

Baxuerliebe teknikaz eginak daude eta hasierako ikerketetan irudien ertzak azpimarratu ziren hobeto ikusteko, kalte handiak eraginez.

Harri bloke solteak seguruenik eroritako sabaitik datoz, oso hondatuak daude, baina beraietan bisonteen irudi partzialak identifikatu dira. Blokeetako batzuk margo gorri eta beltzaren aztarnak dituzte.

Harpea duela 17.000 urte ingurutik duela 15.000 urte ingurura artean erabilia izan zen, Madeleine aldian, bertako irudiak garai horretakoak izan daitezke.

Ekainberri

Leave a reply

X